Arrieta, Iriarte eta Orbegozo, Emakume Master Cup txapelketako finalerdietara

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 12a

Azkoitiko Eneritz Arrieta eta Azpeitiko Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo pilotariak ariko dira finalerako txartela lortzeko lehian. Igandean, azaroaren 19an, jokatuko dituzte finalerdietako neurketak, eta ETBk zuzenean emango ditu.

Lau eta erdiko Emakume Master Cup Txapelketaren finalerdia jokatzeko txartela eskuratu dute Eneritz Arrieta azkoitiarrak eta Maite Iriarte eta Oihana Orbegozo azpeitiar pilotariek. Atzo, zapatua, jokatu zituzten final laurdenetako partidak Lezamako pilotalekuan, eta hiruek egin dute aurrera txapelketan. Bi kategoritan banatuta jokatzen da Emakume Master Cup, Elite Mailan eta Lehen Mailan. Azkoitiko eta Azpeitiko pilotariak Lehen Mailan ari dira lehian. Iriartek eta Orbegozok elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak finalerdietan. Arrietak, berriz, Iratxe Ibarra bizkaiarra izango du parez pare. Finalerako txartela lortzeko partidak, aldiz, hurrengo igandean, azaroaren 19an, jokatuko dituzte. ETBk zuzenean emango ditu Eliteko zein Lehen Mailako neurketak, 12:00etan hasita. Finala, abenduaren 6an izango da, Sopelan (Bizkaia). Honako hau izango da finalerdietako partiden ordena: Elite Mailan: Leire Etxaniz - Leire Garai Maider Mendizabal - Maddi Mendizabal 1. Mailan: Maite Iriarte - Oihana Orbegozo Eneritz Arrieta - Iratxe Ibarra Txapelketaren aurreko edizioetan binakakoa izan zen lehia, baina, oraingo honetan, lehen aldiz, esku pilotariak buruz buru ari dira indarrak neurtzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide