Datorren urtean hasiko dituzte Azpeitia eta Urrestilla arteko bidegorria egiteko lanak

Urola Kostako Hitza 2017ko azaroaren 10a


Bidegorriaren aldeko martxa egin zuten Urrestillako eta Azpeitiko bizilagunek 2016an. Azpeitia eta Urrestilla lotuko duen bidegorria 2018an egiten hasteko akordioa lortu dute Azpeitiko Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Mugikortasun departamenduak. Akordioaren berri eman dute gaur eguerdian udaletxean Eneko Etxeberria alkateak eta Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolamenduko diputatuak, Iñaki Prego foru departamenduko zuzendaria eta Aitor Bereziartua zinegotzia ondoan zituztela. Datorren urtean hasiko dituzte Atxubiagako biribilgunea Urrestillako sarrerarekin lotuko duen 1.550 metroko bidegorria egiteko lanak, eta bederatzi hilabetean bukatzea aurreikusten du Aldundiak. Akordioaren aurkezpenean esan dutenez, oraindik ez dute erabaki Landeta eta Urrestilla arteko lanak fase bakarrean ala gehiagotan lizitatuko dituzten. Bidegorria "2019. urte hasieran" bukatuta egotea espero dutela adierazi du alkateak. Guztira, 1,5 milioi euro inguruko aurrekontua dute lanek; Aldundiak ordainduko du zenbateko horren %75a, eta Udalak %25a. Lanak gauzatzea, berriz, Udalaren kontu izango da. Urte hau bukatu aurretik lehiaketara atera nahi ditu Udalak Landeta eta Azpeitiko herrigunea lotuko dituen Azpeitia-Urrestilla bidegorri zatiaren lanak. 2017ko udal aurrekontuetan dago aurreikusita obra hori egiteko diru-poltsa, 250:000 eurokoa. "Aspaldiko eskaera" Bidegorria Azpeitiko eta Urrestillako bizilagunen "aspaldiko eskaera" dela gogoratu dute Etxeberriak eta Garmendiak. Pozik azaldu dira biak, eta akordioa gauzatzeko gainditu behar izan dituzten zailtasunak azpimarratu dituzte. Azpeitia eta Urrestilla arteko bizikletazkoen eta oinezkoen bidea ez dela "kapritxoa, ezta aisialdirako soilik ere" esan du alkateak, "bi herrigune handiren arteko komunikazioa hobetzeko behar-beharrezkoa" baizik. Etxeberriak, Garmendiak bezala, proiektua egi bihurtzeko lanean aritu diren herritar eta ordezkari politiko guztien ahalegina eskertu du. Foru diputatuak gogoratu du bidegorria egiteko akordioa lotu zutela Udalak eta Aldundiak aurreko agintaldian, "baina diru partidarik ez. Orain, azkenean, badugu aurrekontua". Iraeta eta Narrondo artekoaz bilera Zestoa eta Zumaia arteko bidegorria osatzeko falta den tartearen aldeko aldarriak ere izan du oihartzuna gaur Azpeitiko aurkezpenean. Arroabeko bizilagun talde bat Azpeitia-Urrestilla bidegorriaren akordioa aurkezteko prentsaurrekoan izan da, eta bukatutakoan, aldundiaren ordezkariekin batzartu dira, Iraeta eta Narrondo arteko bidegorri zatiaren gainean hitz egiteko. Arroabeko bizilagunak eta Foru Aldundiko zein Azpeitiko Udaleko arduradunak, egindako batzarrean. (J. Leon) Prentsaurrekoan horretaz galdetuta, Garmendiak esan du "begi onez ikusten" dutela proiektua, aztertuko dutela, 2018ko foru aurrekontuetan ez dagoela obra hori egitea aurreikusita, "baina aurrerapausoak eman behar direla". Aurrez argitu beharreko "baldintza" bat aipatu du diputatuak, bidegorri zati horrek erabiliko lukeen trenbide zatiarekin lotutakoa; Eusko Jaurlaritzaren Tranbiaren Garapenerako Planean zati hori "oraindik trenbide bezala erabiltzeko aukera" jasotzen dela azaldu du, eta plan hori zertan den argitzeko eskaera "berehala" egingo diotela Jaurlaritzari. Lasaotik Zestoa arteko bidegorri zatia ere trenbide zaharrean eginda dagoela gogoratu dio Garmendiari bizilagunetako batek; Garmendiak erantzun dio ez dakiela aurreko agintariek zati hori egiteko baimenik eskatu zuten ala ez, baina "gauzak ondo egiteko asmoa" duela aldundiak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide