Jolas ordua heziketaren parte

Mailo Oiarzabal 2017ko urriaren 31

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen ari dira Azpeitian, udalarekin elkarlanean. Jolas denborako dinamikak ez ezik, jolaserako espazioak ere aldatu nahi izan dituzte.

Uztaroko haurrak, familiak, ikasle ohiak, hezitzaileak eta udal ordezkariak, haurreskolaren jolastoki berrituan. (Azpeitiko Udala) Jolastokiak berrituta abiatu dute 2017-2018 ikasturtea Azpeitiko ikastetxeetan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin irailean aurkeztu zuten aurreko ikasturtean hasitako lanen emaitza; ikastolaren atarian egin dute jolastoki berria, lehen bizikletentzat egokituta zegoen 250 metro koadroko lur eremuan. Uztaro haurreskolan ere berritu egin dute jolas parkea eta duela bi aste aurkeztu zuten. Joan den astean, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Haur Hezkuntzako eraikineko jolastoki berriaren txanda izan zen. Otsailean, azken horren lanen iragarpenarekin batera eman zuen udalak herriko ikastetxeetako jolastokiak hezkuntza zentroekin elkarlanean eraldatzeko zuten asmoaren berri. Udalaren Parekidetasun eta Hezkuntza sailak, ikastetxeekin batera, jolas kooperatiboen proiektua lantzen aritu dira azken lau urteotan Hezkidetza Foroaren barruan. Lanketa horretatik sortu da, hain zuzen, jolas orduetako dinamikak ez ezik, jolastokietako espazioak ere aldatzearen beharra. "Ikastetxe guztietan aztertu dituzte jolas orduak eta guztietan erabaki dute horiek birplanteatzea; jolasak, azpiegiturak eta jolastokiaren antolaketa bera berrikustea. Hortik dator proiektu honen zati handi bat", Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak bere garaian adierazi zuenez. Ikastetxeen erabakia izan da Hezkidetza Foroan lantzen dituzten jolas kooperatiboak eta horiekin lotutako balio pedagogikoak eskoletako jolas orduetan ere txertatu ahal izateko jolastokiak moldatzea. Batzuetan, jolas denborako dinamikak berritzeaz gain, espazio beharrak ere eragin ditu aldaketak, Ikasberriren kasuan bezala. Karmelo Etxegarain parte hartze prozesua ireki zuten, gurasoek eta ikasleek nolako jolastokia nahi zuten jakiteko. Ikasberrin, berriz, ikastolan lantzen ari diren Kimu proiektu pedagogikoaren barruan osatu dute parkea eta bereziki 6 urte bitarteko umeei zuzenduta egin dute. Ikastetxeen "beharrak eta nahiak" asetzeko, 150.000 euroko diru poltsa onartu zuen udalak aurtengo aurrekontuetan. Horiekin, aurreikusita zeuzkaten bi proiektuak gauzatu dituzte, Karmelo Etxegaraikoa eta Ikasberrikoa. Uztaroko jolastokia berritzea ondoren sortutako proiektua izan dela azaldu du Goenagak; azkenean, guztira, 170.000 euro bideratu ditu udalak aurten ikastetxeetako jolastokiak berritzera. Betharramen zer eta nola Datorren urteko aurrekontuetan udalak ez du jolastokiak berritzeko diru poltsa berezirik aurreikusten. Hala ere, Betharrameko eraikineko jolastokia zer-nola antolatu aztertuko dute Iraurgi Ikastetxearekin, Goenagak aurreratu duenez. Iraurgiko haur eskola, Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntza kokatuko dira Betharramen, ikastetxea berritzeko lanak bukatzen dituztenean. "Eraikina berritutakoan ikusi beharko da zer egin jolastokiarekin. Aparkaleku bezala erabiltzen da, tiobiboak ere jartzen dira han... Beraz, hitz egin beharko da", dio zinegotziak. Etxe Alaiko eraikinean berritu dute Jesuitinetako garai bateko jolastokia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide