Eneko Ibarguren 'Kurku'-ri babesa adierazi dio Azpeitiko Elkar-ekin taldeak

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 27a

Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, Herrirako kidea izatea egotzita.

Eneko Ibarguren Kurkuri eta bere gertukoenei "babes eta elkartasunik beroena helarazi" die Azpeitiko Elkar-ekin taldeak. Elkar-Ekineko kide da Ibarguren eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskalak 13 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigorra eskatu du harentzat, Herrirako kidea izatea egotzita. Ibargurenen kontrako zigor eskaerak "behin eta berriz gogor kolpatu ditu gure barrenak, Eneko, gure kide izateaz gain, lagun min eta zintzoa baita", adierazi dute Elkar-ekineko kideek. Ibarguren "salbuespenezko egoera bizi duten preso politikoei babesa eta elkartasuna adierazi eta haien alde lan publikoa" egiteagatik epaituko dutela ekarri du gogora Elkar-ekinek, taldekidearen izaerarekin eta jarrerarekin batera: "Azken urteotan gertutik ezagutu dugu Eneko, injustizien aurrean duen kezka eta horiei erantzuteko konpromisoa agerikoak izan dira. Taldean 'muturra' sartu zuenetik ez dugu deskantsurako betarik izan; errefuxiatuak, aniztasuna, etxe kaleratzeak, lan istripuak, erraustegia, Errigora, Elkargunea... arazo sozial ezberdinen aurrean tinko beti", azaldu dute. "Estatu espainiarraren jarrera errepresiboa salatu nahi" du Azpeitiko taldeak. "Azpeitia zein Euskal Herri justuago eta libreago batean bizi ahal izateko, Kurku eta bera bezalako pertsonak gure ondoan behar ditugu", diote Ibargurenen kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide