Kepa Urbieta Sanagustin kulturgunearen sarreran. (Maialen Etxaniz)
Aurreneko erronka bete duzue, 10.000 eurora iristea. Eta orain, zer?
Bai, hala da. Lortu dugu jarritako lehen helburua, eta gustura gaude, baina oraindik bidea ez da amaitu. Proiektua osorik egin ahal izateko, hau da, 1986an grabatutako dokumentala digitalizatzeko eta bigarren bat egiteko, 24.500 euro behar ditugu gutxi gorabehera. Oraindik bidearen erdia egin dugu, beraz.
Oro har, zer balorazio egiten duzue orain artekoaz?
Pozik gaude, eta oraindik ia 40 egun ditugu aurretik lanean jarraitzeko. Baina egia da aurreneko etapa ez dela guk nahi bezala joan. Kanpaina abiatu genuenean, sostengu ekonomikoa lortzeko bi bide zabaldu genituen. Alde batetik,
matchfundinga. Hori Goteo plataformak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak Meta mikromezenasgo proiektuaren barruan abiatu zuen finantzaketa kolektiboa da. Horri esker, Internez bidez jasotzen dugu diru-laguntza. Beste aldetik, dirua lortzeko bestelako ekintza batzuk egiten hasi ginen gure kabuz. Bigarren modu horretan lortutako dirua finantzaketa kolektiboaren bigarren fasean jarri nahi genuen, behin 10.000 euroak lortu ostean, alegia. Baina 4.000-5.000 euro lortu genituenean, bazirudien kopuruak ez zuela gora egingo. Orduan, proiektuari bultzada emate aldera, bigarren fasean jarri behar genuen dirua aurreratu genuen. Pixkanaka ekarpenak jasotzen jarraitu genuen, eta azkenean iritsi ginen 10.000 euroetara. Orain, lanean jarraituko dugu Annapurna II 1986 proiektua osatzeko behar ditugun 24.500 euroak lortzeko. Domusak eta Kulturaz kooperatibak ekarpenak egin dituzte, eta asko eskertzen diegu emandako babesa.
Zein ate jo dituzue laguntza eskatzeko?
Hasieran, Goteo jarri genuen martxan, eta kamisetak zein txapak ipini genituen salgai. Orain, herriko soziedadeetara jo dugu. Harremanetan jarri ginen haiekin, ea bultzadatxoa ematen ziguten. Oso erantzun ona jaso dugu oraingoz. Izan ere, lau soziedadek, Oilo-sorok, Inpernuk, Txalintxok eta Ardozaleakek, lagundu gaituzte diruz. Beste elkarte batek ere agertu du interesa, eta lagunduko digula aurreratu digu. Pozik gaude, beraz. Orain, berriro piztu behar dugu jendearen grina.
Elkarrizketa osorik,
Uztarria.eus-en.