Martxan da dagoeneko Errigoraren kanpaina berria, eta Azpeitian zehaztu dute non eta nola eskatu behar diren otarreak. Zazpi toki jarri dituzte eskaerak egiteko: Sanagustin kulturgunea, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Orkatz kultur elkartea, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai, Urola Ikastola, Baigera elkartea eta Soreasuko Elkargunea. Internetez ere eska daitezke produktuak,
Errigora.eus atarian.
Produktu saskiak azaroaren 14a bitartean eska daitezke aipatutako gune horietan. Banaketa, berriz, abenduaren 1ean, ostiralez, egingo dute. Norberak eskatu dituen tokian jaso beharko ditu saskiak 16:00etatik 20:00etara. Sanagustinen, Elkargunean eta Interneten eskatzen dituztenek, berriz, Soreasuko Elkargunean jaso beharko dituzte produktuak.
Aurten ere bi saski mota jarri ditu aukeran Errigorak: zuria eta beltza. Produktu desberdinekin osatu dituzte bi kolore horietako otarreak, eta bakoitzak 50 euro balio du. Kanpainarekin lortzen duten diruaren %25 Nafarroako hegoaldean euskara bultzatzeko egitasmoetara bideratuko dute.