Seamus Heaneyren poesia antologia itzuli du Xabi Borda idazle azpeitiarrak

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 24a

Gaur aurkeztu dute lana, eta harekin batera argitaratu dituzte Hiromi Yoshidak itzulitako Chuya Nakahararen antologia eta Koldo Izagirrek itzuli duen Rosalia de Castroren poema bilduma. Susa argitaletxearen Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan argitaratu dituzte hiru lanak.

https://www.youtube.com/watch?time_continue=36&v=8kW1z8xAMf0 Munduko Poesia Kaierak proiektuaren barruan, hiru egileren poema bildumak aurkeztu dituzte gaur goizean Donostiako Liburutegi Zaharreko sotoan. Chuya Nakahara, Rosalia de Castro eta Seamus Heaney poeten antologiak euskarara ekarrita argitaratu ditu Susa literaturak, eta lan horiek Hiromi Yoshidak (Yuzawa, Japonia, 1960), Koldo Izagirrek (Pasaia, 1953) eta Xabi Bordak (Azpeitia, 1981) itzuli dituzte, hurrenez hurren. Ez da Bordak argitaratzen duen lehen lana. Izan ere, bi poesia liburua eta biografia bat idatzi ditu azpeitiarrak: Birika zatiak (2004, Susa), Gulliverren lokarriak (2009, Elkar) eta Jotakie, Urolan pop (2006, Paper Hotsak). Lanetako beste bat Yoshidak egin du. Jaiotzez japoniarra da, baina lotura estua du Azpeitiarekin. Izan ere, 1995etik ia urtero izaten da Azpeitian. Hiru sortzaileren poema antologiak Munduko Poesia Kaierak bildumaren udazkeneko argitaraldian kaleratu dituzte. Beñat Sarasola da proiektuaren zuzendaria, eta 2014ko martxoaz geroztik, urtero, udaberrian eta udazkenean hiruna kaiera argitaratzen ditu Susak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide