Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dinamoaren eskutik, koadernazioari buruzko tailerra eskainiko du Leire Arenasek Azpeitian. Azaroaren 2tik 25era bitartean iraungo du ikastaroak, eta asteazkenetan, 18:00etatik 20:00etara, eta larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara eskainiko ditu saioak, Dinamoan. Dena den, azaroaren 1a jai eguna denez, lehenengo saioa ostegunean hasiko dute tailerra. Gehienez, 15 lagunek har dezakete parte egitasmoan, eta izena eman nahi duenak hilaren 29ra bitartean egin dezake, 20 eurotan.
Ikastaroan, orriak koaderno forman josteko teknikak irakatsiko ditu Arenasek, beti ere norbere helburura egokitu eta bakoitzaren estilo librea baztertu gabe. "Lan egiteko oinarrizko materiala papela izanik, berau nahi bezela manipulatuko dugu, eta estanpazioa, transferra, marrazketa edota kolaxa bezalako teknika grafikoak landuko dira. Amaieran, nork bere lan bukatua (izan koaderno, album, fanzine, artista liburu...) eskuartean izatea litzateke helburua, eta bide horretan, gozatzea", diote antolatzaileek.