Iñaki Aiertza azpeitiarra nagusitu da autoen Urrakiko XXXV. Igoeran

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 22a

Euria izan da lasterketako protagonistetako bat, baina hori ez da Aiertzaren kalterako izan. "Proba konplexua" izan bada ere, lasterketa hasi den unetik "sentsazio oso onak" izan ditu. Gurutz Agirretxe errezildarra bosgarren sailkatu da.

Azpeitian gelditu da autoen Urrakiko XXXV. Igoerako txapela. Izan ere, Iñaki Aiertza azpeitiarra (Lancer Evo IX) nagusitu da gaur, igandea, jokatu den auto lasterketan. Guztira, 60 pilotuk zuten izena emanda probarako, eta azpeitiarra sailkatu da aurrena, 03:30.370 denbora eginda. Aiertzak kontatu duenez, eguraldiaren ondorioz "lasterketa konplexua" izan da gaurkoa: "Lehenengo mangan auto batek olioa galdu du motorretik. Errepidea oso irristakor zegoen, eta susto txiki bat izan dut. Ondorengo itzuliak ere nahasiak izan dira, baina hobeto joan dira". Konturatzerako, aurrena zihoan azpeitiarra, eta lasterketa amaitzean "izugarrizko sorpresa" hartu duela nabarmendu du Aiertzak. Garaipena "pozez" hartu duela azpimarratu du.
Euria izan da lasterketako protagonistetako bat, baina hori ez da gidari azpeitiarraren kalterako izan. Hark azaldu duenez, proba hasi den unetik "sentsazio oso onak" izan ditu: "Autoa primeran moldatzen da euritan, eta asko gozatuarazi dit gaurkoan, pista lehorretan baino gehiago". Sailkapenean bigarren gelditu da 2016an Espainiako txapeldun izan zen Joseba Iraola (Norma M20), eta Jose Antonio Fombona (Lamborghini Huracan) asturiarrak osatu du podiuma. Laugarren postua Durangoko Eneko Goirienak (BMW M3) lortu du. Bosgarren sailkatu da Gurutz Agirretxe errezildarra, BMW M3 autoarekin. Iñaki Aiertzak nabarmendu du errezildarrak "lasterketa oso ona" egin duela. Euskadi Irratiako Hiru Erregeen Mahaia saioak ere hitz egin du Aiertzarekin, eta han egin dioten elkarrizketan azaldu duenez, espero ez zuen ametsa bete du. Beste urte batez, Lagun-Artea eskuderiak antolatu du 6,7 kilometroko izan dituen proba. Euskal Herriko Mendi Txapelketako azken lasterketa izan da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide