Zapoak eta zakelak, parez pare

Ainitze Agirrezabala 2017ko urriaren 20a

Azpeitiko Lagun Onak eta Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeek derbia jokatuko dute bihar Garmendipen, 17:00etan. Ikusleen eguna izanik, sarrera 10 euro ordaindu beharko dute bazkideek.

Hodei Tena eta Unai Aranbarri Garmendipeko zelaian. (Ainitze Arrizabalaga)

Hodei Tena, Lagun Onakeko kapitaina: "Lehia estua izango da, oso borrokatua, eta 2-0 edo 2-1 irabaziko dugu"

Derbiaren bezperan zer giro duzue taldean eta inguruan? Jendea motibatuta sumatzen dut kalean. Ezagutzen ez duzun hark ere hitza ematen dizu: "Hi, zapatuan, eman egurra, e!", "Azkoitiarrei, behintzat, irabazi", eta halakoak esanez. Kuadrillakoak, etxekoak... etortzekotan dira. Geure artean, berriz, batzuei nabari zaie urduritasun pixka bat. Ez da ohiko partida, azkoitiarren kontrakoa da eta jende asko etorriko da ikustera. Zergatik da garrantzitsuago partida irabaztea, puntuak batzeko ala ohore kontuagatik? Bi gauzak dira garrantzitsuak. Aurkariak ondoko herrikoak izanik, lehia handia dago, eta ohoreak asko balio du, baina ligan aurrera egiteko puntuak batzea ere beharrezkoa da. Zer emaitzaren bila zoazte? Irabaztera aterako gara, ahal bada ondo jokatuta. Gol gutxiko partida izango da. Halako partidetan, oro har, tentsio handia izaten da. Lehia estua izango da, borrokatua oso, eta 2-0 edo 2-1 irabaziko dugu. Zer indargune ditu Anaitasunak? Eta zertan egiten du herren? Gol gutxi ari dira jasotzen, eta igo berriak izateko emaitza onak ari dira izaten. Ondo ari dira egokitzen Hirugarren Mailara, eta talde sendoa ari da izaten. Alabaina, igo berriak izanik esperientzia falta izan dezakete, eta hori nabari daiteke presio pixka bat duten partidetan. Sarreren prezioak ere sortu du zeresana. Derbia ikustera jende asko etorriko den esperantza du zuzendaritzak, eta hori diru iturri handia izan daitekeela aprobetxatuz, bazkideek 10 euro ordaintzeko erabakia hartu dute, eta bazkide ez direnek 15. Sarreren prezioa Anaitasunako zuzendaritzarekin adostu dute, eta Azkoitian jokatuko dugun partidan prezio bera izango dute sarrerek. Anaitasunak etxeko jokalari asko ditu. Eta Lagun Onakek? Nahi baino gutxiago. 20 jokalaritatik zortzi bat gara azpeitiarrak. Anaitasunak ez bezala, zuek urteak daramatzazue maila honetan. Bai, hamabost urte, eta nik hamalau daramatzat Hirugarren Mailan. Iaz, ordea, zortzi etxeko geratu ginen, eta gainontzeko guztiak berriak dira. Haietako batzuek ez dute maila ondo ezagutzen, eta zentzu horretan, esan dezaket talde berria garela. Anaitasunaren aurka noiz jokatu zenuten azkenengoz? Duela lau urte. Denboraldi bat egin eta mailaz jaitsi zen Anaitasuna. Jendetza bildu zen Garmendipen; Azkoititik zale asko etorri zen, bertakoak ere mordoa... Bi derbiak ederrak izan ziren, 0-1 eta 1-0 irabazi genituen. Orduko taldean ginen lau jokalari ariko gara bihar. Zer adierazi nahi diezu zaleei? Deiadar batzuk ateratzeko, Lagun Onak animatzeko. Jokalariok saiatuko gara zelaian dena ematen, baina animatze kontuan azkoitiarrak baino gehiago izan behar dugu, kanpotik animoak jasota gauzak errazago egingo zaizkigu eta. https://www.youtube.com/watch?v=Hg9fJq9I3e4

Unai Aranbarri, Anaitasunako kapitaina: "Garmendipe kolore gorriz jantzi behar dugu biharko derbian"

Partidaren atarian zer moduz zaudete? Eta zaleak? Gogotsu gaude biharko derbirako. Zaleek-eta, berriz, bazkariak antolatu dituzte, ondoren derbira etortzeko. Ttakun tabernan egiten dut lan, eta batek baino gehiagok esan dit zapatuko partida irabazi beharra dugula. Azpeitiarren kontrako norgehiagoka izanik, jendetza bilduko da bihar Garmendipen. Txerloiko partidetara zale asko joaten da, eta kanpokoetara ere dezente animatzen dira. Zaleak gogoz daude. Iazkoa, gainera, urte oso ona izan zen; mailaz igotzea lortu genuen, eta bizitzan ahaztuko ez dugun eguna izan zen hura guztiontzat. Aurtengo gure helburua, berriz, mailari eustea da. Mailaz igotzearekin nabaritu al duzue zaleen gorakadarik? Iaz Elgoibarren jokatu genuen azken partidara ia mila zaletu joan ziren, eta aurten ere zaleak izugarrizko babesa ematen ari zaizkigu. Asko eskertzen diegu. Zerk du pisu handiagoa, puntuak batzeak ala ohoreak? Biek. Beste partidetan bezala, puntuak batu beharra dago. Baina hor badugu azpeitiarrekin lehia, eta irabaztearen harrotasunak ere badu bere garrantzia, noski. Gol kopuru handia izango al da? Gu irabaztera goaz. Maila honetan oso garrantzitsua da etxean hiru puntuak eskuratzea, eta etxetik kanpoko partidetan, berriz, badakigu zailagoa dela garaipena eskuratzea, baina biharko derbian dena emango dugu. Aurkariaren zer indargune eta ahulgune aipatuko zenituzke? Talde oso sendoa da. Urte asko daramatza Hirugarren Mailan, eta, gainera, denboraldi oso onak eginez. Ahulgune bezala, esango nuke beren partidak ikustera ez dela zale asko joaten. Lagun Onaken eta Anaitasunaren duela lau urteko derbia nola gogoratzen duzu? Harmailetatik ikusi nuen. Egun ederra izan zen. Derbi hura jokatu zuten taldean ziren lau jokalari ariko dira bihar zelaian. Jende askok ez dugu izan Lagun Onaken kontrako derbia jokatzeko aukera, eta badugu gogoa biharko neurketarako. Sarreren prezioen igoeraren inguruan, zer iritzi duzu? Zuzendaritza batzordeak badaki biharko derbiak jende asko erakarriko duela, eta etekinak ateratzeko asmoz sarreraren prezioa zertxobait igotzea eta biharkoa ikuslearen eguna izendatzea ez zait gaizki iruditzen. Alabaina, biharko partida ikusi ahal izateko sarrera hamabost euro kobratzea asko dela iruditzen zait. Beste neurketetan, esaterako, bazkide ez denak hamar euro ordaintzen ditu. Etxeko jokalari asko zarete zuek taldean, ezta? Bost izan ezik gainontzeko guztiak azkoitiarrak gara. Talde berria zarete Hirugarren Mailan. Zertan eragiten du horrek? Lagun Onak beti aritu izan da Hirugarren Mailan, eta, gainera, azken urteetan denboraldi onak egiten ari da. Beste urteetan ez ezik, aurten ere talde ona du. Gu, berriz, igo berriak gara, eta haiek bezainbesteko esperientziarik izan ez arren, denboraldi ona ari gara egiten. Joan den astean, esaterako, Portugalete talde sendoa garaitu genuen, eta bihar Azpeitiko Garmendipeko zelaira irabaztera aterako gara. Zer esango zenieke Anaitasunaren zaleei? Garmendipe kolore gorriz jantzi behar dugu biharko derbian, eta zaleei adierazi nahi diet gogor animatzeko Anaitasuna. Gu saiatuko gara zelaian hiru puntuak lortzen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide