Herri batzordea sortu dute Azpeitiko sokamuturraren 500. urteurrenerako

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 18a, 15:02

Sokamuturraren bosgarren mendeurrena ospatzeko herri batzordea eratu dute hainbat eragilek eta norbanakok. Batez ere, 2018ko urtarrilaren 13tik otsailaren 13ra ospatuko dute mendeurrena. Egitaraua osatzeko ekarpenak egin ditzakete herritarrek.

Sokamuturraren 500. urtemuga antolatzeko herri batzordea osatu dute. (Herri Batzordea) Azpeitiko sokamuturrak 500 urte beteko ditu 2018an, eta urtemugaren ospakizunak antolatzeko herri batzordea sortu dute hainbat herritarrek. Haiek azaldu dutenez, baliteke duela 500 urte baino lehenago ere sokamuturra egin izana, baina idatzizko lehen aipamena 1518koa da; Imanol Elias Odriozola historialariak Azpeitiko Udal Artxibategian topatu zuen dokumentu hura. Sokamuturraren bosgarren mendeurrena ospatzeko herri batzordea eratu dute Zezen Beltz Elkarteko eta Udal Musika Bandako kideek, sokamutil ohiek, Azpeitiko Argazki Elkarteko nahiz Azpeitiko Udaleko ordezkariek eta sokamuturzale hainbatek. Haiek aurreratu dutenez, batez ere, 2018ko urtarrilaren 13tik otsailaren 13ra –Astearte karnabala– ospatuko dute mendeurrena, eta urtarrilaren 3an aurkeztuko dute denbora tarte horretarako antolatutako egitaraua. Herri batzordeko kideek azaldu dutenez, edozein herritarrek egin ditzake egitarauaz-eta proposamenak, sokamuturra500@gmail.com helbidera idatzita.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide