Bisitariak Burdinbidearen Euskal Museoan.
Burdinbidearen Euskal Museoak 23. urteurrena ospatuko du bihar, larunbata, eta egitarau berezia antolatu dute egun horretarako. Horrela, ohi baino irteera gehiago egingo dituzte Azpeitia eta Lasao artean, eta erakusketa berri bat ere irekiko dute.
Bost tren historiko jarriko dituzte martxan bihar museoan, eta beste horrenbeste joan-etorri eskainiko dituzte: 11:00etan,
Allan 301 automotore dieselarekin; 12:00etan,
Zugastieta lurrun makinarekin; 13:00etan,
Aurrera lurrun makinarekin; 17:00etan,
Alsthom 1004 diesel makinarekin; eta 18:00etan,
Portugal lurrun makinarekin. Bestalde, museoko tren historikoetan Lasaora joan-etorria egiteko aukera ere izango da bihar, 12:30ean.
Horiez gain, museoan bertan,
Espinal lurrun makina eta
Grafton lurrun garabia piztuko dituzte egunean zehar. Halaber, Nafarroako Burdinbidearen Lagunen Elkarteko kideak ere Azpeitian izango dira, modelismoko tren txikiak (lurrunezkoak, dieselak eta elektrikoak) gidatzeko.
Erakusketa berria
Bihar bertan erakusketa berri bat ere irekiko dute Burdinbidearen Euskal Museoan, La Roblako trenaren 125. urteurrenekoa. Bilbo eta Leon (Espainia) lotzen zituen trenaren historia azaltzeko hiru panel handi eta 150 argazki baino gehiago jarriko dituzte ikusgai, konpainia horretako egongela kotxe historikoarekin batera.
Zapatuan, 10:30etik 14:00etara eta 16:00etatik 19:30era egongo da irekita museoa.