Sagardoaren mundua ezagutuz

Urola Kostako Hitza 2017ko urriaren 13a

"Sagardoaren sekretuaren magia" eta horren inguruko ondarea ezagutarazteko bisita gidatuak antolatu dituzte. Aiako Satxotan bihar egingo dute eta Azpeitiko Añotan etzi

Sagarrak bildu eta sagardoa egiteko garaian daude sagardotegiak. (Añota Sagardotegia) Ondarearen Europako Jardunaldien eta Sagastitik Kupelera egitasmoen barruan "sagardoaren sekretuaren magia" ezagutarazteko hainbat ekintza antolatu dute Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak, Iturraran Parketxeak, Ignaziotar Bideak, Zerain Dezagun Fundazioak eta Gipuzkoako hainbat sagardotegik. Hala, jardunaldiak egingo dituzte egunotan zazpi sagardotegik; tartean, Aiako Satxotak eta Azpeitiko Elosiaga auzoko Añotak. Orain sagardotegiak sagarra bildu eta sagardoa egiteko garaian daude, eta bisitetan parte hartzen dutenek sagarra nola biltzen, aukeratzen eta garbitzen duten eta sagardo naturala nola egiten duten ikusteko aukera izango dute, besteak beste. Eskualdean egingo dituzten bisitak bihar eta etzi izango dira, eta beraietan parte hartzeko aurrez izena eman beharko da. Aiako Satxota sagardotegian (Errota jatetxearen alboan) bihar egingo duten bisitak Goazen sagar biltzera! du izenburua. 11:00etatik eta 12:30era izango da. Bertan parte hartzeko 943-83 53 89 telefonora deitu behar da. Bisita horretan Satxota sagardotegiko sagastietan sagarra bilduko dute. Gero, sagar ezberdinak, sagardoa eta muztioa dastatuko dituzte. Alegia, sagarrondotik tolarera, kupelera eta botilara arteko prozesua ezagutuko dute. Etzi, Azpeitian Elosiagan Azpeitiko Elosiaga auzoko Añota sagardotegian egingo duten bisita etzi izango da, 12:00etan, Elosiagako Santa Luzi ermitan hasita. Bisitaren izenburua San Inazio 1535, Elosiagako Santa Luzia ermita eta sagardoaren lurra da. Bertan parte hartzeko erreserba 943-15 18 78 telefonora deituta egin behar da. Elosiagako kasuan, San Inazioren bizitza eta sagardoa lotuko dituzte. "San Inazio azkenekoz Euskal Herrira itzuli zenean Elosiagako ermita bisitatu zuen, berak predikatzen zuen zuhaitza kontserbatzen den lekua". Handik bertan dago Añota sagardotegia, eta sagardoaren ekoizpena ezagutzeko aukera ere izango dute bisitako parte-hartzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide