Iaz bezala, aurten ere egingo dute entzierroa. (Ihintza Elustondo)
Sokamuturra, entzierroak edota zezen-jolasak gustuko dituztenek hitzordua dute gaurtik igandera Azpeitian, Zezen Beltz elkarteak antolatutako Zezen Beltz IX. asteburuan.
Herriko kaleak, plaza eta zezen plaza izan ohi dira Zezen Beltzekoek urtero antolatzen duten asteburu bereziaren jokalekuak. Aurten ere horrela izango dira, baina Soreasu antzokian irekiko dute egitaraua gaur arratsaldean. 19:00etan hasita, Sergio dokumentala emango dute han. Sergio Colas nafarrari buruzko filma da, ordu erdiko iraupena du eta Carlos Caro da zuzendaria. Entzierro lasterkaria da Colas, eta entzumen desgaitasuna du.
No Solo Films elkarteko kidea da Caro. "Gure helburua da dokumental laburren bidez izaera sozialeko istorioak islatzea", azaldu dio Carok Zezen Beltzi,
Uztarria.eus webgunean argitaratu duten elkarrizketan. 2014ko azaroan sortu zitzaion Colasen bizitzaren gainean filma egiteko asmoa. "Esan zidatenean [Sergio] lasterkari handi bat dela eta entzumen desgaitasuna duela, galdera asko sortzen hasi ziren neure baitan: nola egiten zuen korritzeko? Nola bihurtzen zuen desgaitasuna abantaila? Zer arazori egin behar zien aurre?". 2015eko uztailean grabatu zituzten dokumentalerako irudi gehienak, Iruñeko sanferminetan gehienak. 2016ko uztailean estreinatu zuten lana, Iruñean, eta pozik dago zuzendaria filmak izan duen harrerarekin: "Lasterkarien eta gertukoen aldetik izugarria izan da erantzuna, bai sare sozialetan, bai filma Iruñean eman genuenean".
Colas ere pozik dago emaitzarekin. "Nire bizitza oso ongi islatzen du dokumentalak, eta lana ikusi duen jendea oso pozik eta emozio handiz atera da aretotik. Oso harrera ona eduki du, eta zoriondu egin gaituzte". Berari buruz dokumental bat egin nahi zutela jakitea "ezuste handia" izan zela dio entzierro lasterkariak, "uste baitut bizimodu normala daramadala. Egia esan, hori zen Carlosek [Caro] dokumentalarekin transmititu nahi zuena".
Urteroko hitzorduak
Ezohiko hasieraren ondoren, bihar eta etzi urteen poderioz ohitura bilakatzen ari diren hitzorduekin jantziko da Zezen Beltz asteburua.
Zapatuan zein igandean, eguerdi partean umeentzako sokamutur txikia eta zezen txikiak eta poniak egongo dira; igandean, gainera, plazan bertan erreko dituzten saiheskia eta oilaskoa dastatuz borobilduko dute festaren zati hori.
Bihar arratsaldean, berriz, Grand Prix solidarioa izango da zezen plazan. Aurten Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren elkartearentzat dirua biltzeko egingo dute ekitaldi hori. Igande arratsaldean, bigarren urtez jarraian, helduei zuzendutako entzierroa egingo dute, eta horrekin agurtuko dituzte aurtengo Zezen Beltz astebururako antolatutako ekitaldiak.
EGITARAUA:
Gaur, urriak 13:
- 19:00. Sergio (Carlos Caro). Sergio Colas entzierro lasterkari nafarrari buruzko dokumentala, Soreasu antzokian. Ondoren, mokadua.
Bihar, urriak 14:
- 12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.
- 17:00. Grand Prix solidarioa, zezen plazan. Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea diruz laguntzeko ekitaldia. Jokoen ondoren, zezen txikiak haurrentzat.
Etzi, urriak 15:
- 12:30. Sokamutur txikia, Erdikaletik plazara. Ondoren, zezen txikiak eta poniak, plazan.
Ordu berean, plazan bertan erreko dituzten txahal saiheskia eta oilaskoa dastatzeko aukera egongo da, musikak alaiturik. Goizean, Zezen Beltz kamisetak eta lepoko zapi gorriak erosteko aukera izango da.
- 17:00. Helduen entzierroa, Artzubitik herriko plazara eta buelta. Ondoren, zezen bolaztatuak, Artzubia kalean.