Beñat Lizaso. (Julene Frantzesena)
Bihar hasiko du Beñat Lizasok (Azpeitia, 1982) Bertsolari Txapelketa Nagusiko abentura. Gaur-gaurkoz, azken txapelketa izango duela dio; izan ere, bere buruari «beterano» deituta, lehia uzteko ordua gero eta gertuago sentitzen du. Ikusi egin behar aurtengoan zer bide egiten duen azpeitiarrak, prestatuta, bai baitago.
Biharko saioaren atarian, nola zaude?
Ondo nago, ustez, baina lasai-lasai ez. Txapelketa hasten den unean, saioak ikusten dituzunean, azkura sortzen da tripan. Ustez, prest nago, eta ez dut motiborik urduri jartzeko.
Nola ikusten duzu zure burua?
Badut konfiantza, baina beti izaten dira kezkak: nola ariko naizen, zer gai jarriko dizkiguten, hanka sartuko ote dudan... Izan ere, egin dezakezu izugarrizko hanka sartzea, eta kito. Halere, bertso eskolan-eta oso gustura aritu naiz prestatzen, eta uste dut eman dezakedan hori emateko kapaz banaizela. Baina, esandakoa, konfiantza izanagatik, egunean bertan ikusi beharko da.
Saiorako sarrera guztiak agortu dira. Presiorik sentitzen duzu?
Presioa ez du eragiten ikusle kopuruak, norbere gorputzaldiak baizik. Aurreneko bertsotik tiraka eta atera ezinik hasiz gero, urduri jartzen zara. «Gaur egin behar dizkiat ederrak!», pentsatzen duzu, eta... Estu hartzen baduzu, saioan ez zaizu aterako ezer, baina ondo sentitzen naiz, eta zerbait egingo dut. Saioan hainbeste jende egotea eta han sortuko den giro beroa izango dira motibatzeko arrazoi nagusiak, edo hala izan beharko lukete.
Azken final laurdena izango da zapatukoa. Badakizue non dagoen hurrengo fasera igarotzeko langa…
Larunbatean erabakiko da zein 18 bertsolarik egingo duten aurrera, nahiz eta dagoeneko jakinekoa den finalerdietan izango direla batzuk. Presio puntu bat bada azken saioan kantatzea, ze ja badakigu, gutxi gorabehera, zenbat puntu atera behar ditugun aurrera egiteko. Kontuak kontu, matematikak alfer-alferrikakoak dira bertsolaritzan, ez dute ezertarako balio; izan ere, ez dakigu lanak nola egin behar ditugun puntuazio jakin bat lortzeko. Ez da korrika ari zarela, erritmoa hartu, eta "ba, ailegatuko nauk" pentsatzea. Bertsoak badu intriga puntu hori.
Jon Maia ere izango da Tolosako saioan. Nola ikusten duzu arerioa?
Hitzak alferrikakoak dira. Badakigu Jonek zer ibilbide duen, zer maila daukan eta zer egiteko kapaz den. Aspaldian ez dut entzun, baina indartsu egongo da, ziur nago. Haren aurretik egiten badut, bale naiz, ziur [barrez].
Nahikari Gabilondorekin eta Felix Zubiarekin aritu zara prestatzen. Zer moduz?
Duela bi urte, Gipuzkoako Txapelketan hasi ginen astean behin Zarautzen elkartzen, eta horretan jarraitzen dugu. Bestalde, Azpeitian ere entseatzen dut astean behin, Eneritz Artetxerekin, Jokin Urangarekin eta Ma-ddalen Arzallusekin. Jende desberdinarekin kantatzea positiboa da, bakoitzaren bertsokera desberdina delako.
Maddalen Arzallusek ere Tolosan abestuko du. Abantaila izan daiteke zuretzat?
Elkar ezagutzen dugu, askotan kantatu dugu elkarrekin. Saioan suertatu gaitezke batera ariketaren bat egiteko, baina auskalo. Hori bai, ofizioren bateko bikote izatea egokitzen bazaigu, abantaila izango da; izan ere, gutxi gorabehera, badakigu bakoitza nondik atera daitekeen.
Gabilondok esan omen dizu finalerdietan bakarrik ez uzteko.
[Barrez] Non sinatu behar da hori? Nigatik balitz, ez nuke bakarrik utziko! Elkarrekin ordu asko pasatu ditugu, asko hitz egiten dugu, eta hura pasatu izanak poza ez ezik, inbidia ere ematen dit. Jakin dezala, nire esku badago, gustura lagunduko diodala.
Aurrera egiteko aukerarik ikusten duzu?
Bai, bestela ez nintzatekeen joango saiora, ezta? Uste dudana emanez gero, uste dut aukerak baditudala aurrera egiteko. Hori bai, aukera berak daude azkena egin eta etxera atzetik bueltan joateko.
Saioari begira, zein izan daiteke aurrera egiteko gakoa?
Gako jakinik ez dut. Ariketa guztietan izango da zer irabazi edo zer galdu. Orain arteko bost saioetatik hirutan, zortziko txikian eta puntu-erantzunen ariketetan, behera egin dute bertsolariek. Beraz, uste dut bi ariketa horietan eutsiz gero –eta beste ariketetan ere ondo aritu behar, e!–, bi horietan ez eroriz gero, emaitza ona izango dela.
Sailkatzen bazara, zer?
Ospatu, noski. Eta entrenatzen segitu beharko dut, isil-isilik, zer erremedio!
Duela lau urteko txapelketan, finalerdietara iritsi zinen. Aurten ere bai?
Duela lau urte alaba oso txikia zen oraindik, eta prestatzeko denbora gutxi izan nuen. Gainera, Legazpiko saioan sufritu ezin zena eta gehiago sufritu nuen. Erabaki nuen horrela bizitzeak ez zuela merezi. Pentsa, saio hartan agurtu egin nintzen! Baina, gero, hurrengo fasera sailkatu nintzen, eta... Orain, bertso txarrak edo onak, baina badakit kanta dezakedala, ez naizela trabatuko, prestatuago nago.
Txapelketak orain arte eman duenari erreparatuta, zer nolako maila ikusi duzu?
Gora-beheratsua izan da orain artekoa: batzuek eman dute beren maila, eta besteek ez. Maila ona dagoela? Ez dago zalantzarik. Bertsolari gazteak oso prestatuta daude, eta laster erretiratzeko garaia iritsiko zaigu batzuri.
Azken Euskal Herriko Txapelketa izango duzu?
Gauzak ez badira asko aldatzen, hau izango da nire azken txapelketa. Egin beharrekoa egin dudala uste dut, erakutsi beharrekoa erakutsi dut, eta izugarrizko txapelketa ona egiten ez badut behintzat, hemen bukatuko dut ibilbidea.
MOTZEAN
Bertsolari bat?
Sustrai Colina.
Nori kantatuko zenioke bertsoa?
Iñaki Perurenari.
Doinu bat?
Edozein zortziko handi.
Bertsotarako plaza bat?
Biharkoa.
Bertsotarako lagun bat?
Iker Zubeldia.
BECera iritsiko bazina?
Sorpresa askorentzat; niretzat handiena.
Txapelketako ariketa bat?
Hamarreko txikia.