Joan den asteburuan Soreasun eman zuten kontzertua Tuba Jaialdiaren barruan. (Julene Frantzesena)
Musika dastatzeko beste modu bat eskaini nahi duen formula berria plazaratuko du bihar Tuba Jaialdiak Sanagustin kulturgunean. Zortzigarren urtez, tuba eta bonbardinoa ezagutarazteko eta musika klasikoa publiko zabalago bati helarazteko helburu nagusiarekin jarri dute martxan jaialdia. Edizio bakoitzean berrikuntza bat, "zerbait berezia" eskaintzea nahi izaten dute, Agustin Jimenez (Azpeitia, 1974) antolatzaileak dion moduan, eta kontzertu gastronomikoa izango da aurtengo programazioaren hitzordurik bereziena.
Munduko zaporeak izena jarri diote bihar 18:00etan hasiko den emanaldiari. Musika eta pintxoak izango ditu osagaiak, eta bi protagonista nagusi: Euskadi Low Brass orkestra eta Zigor Iturrieta sukaldaria (Euba, Zornotza, 1974), ETB1eko
Txoriene saioko aurkezlea. Kontzertuaren izenburuak iradokitzen duenari jarraituta, musikariek bost herrialdetako beste horrenbeste musika pieza aukeratu dituzte Sanagustinen jotzeko; eta herrialde horietako sukaldaritzan oinarrituta, bost pintxo prestatuko ditu Iturrietak. Orkestrak pieza bakoitza jo ondoren, sukaldariak dagokion herrialderako aukeratu duen pintxoa prestatuko du, azalpenak emanez. Ikus-entzule guztiek saioa behar bezala jarraitu ahal izateko pantaila handia jarriko dutela aurreratu du Jimenezek.
Pintxoekin batera, Andaluziako urdaiazpikoak ere izango du bere tartea kontzertu gastronomikoan; bukaeran izango da, musikariek saioa borobiltzeko joko duten
Granada piezaren ondoren, hain zuzen.
"Interesgarria eta polita" iruditu zitzaion Tuba Jaialdiaren proposamena Iturrietari. Udaberri bukaeran hasi zen egosten bihar bere puntuan dastatu ahal izango den kontzertu gastronomikoaren egitasmoa. Jimenezek egin ditu musikarien eta sukaldariaren arteko bitartekaritza lanak. Aurrena, orkestrakoek aukeratu zituzten Azpeitian jo beharreko piezak. Horiek erabakita hasi zen Iturrieta "Interneten-eta bilatzen, herrialde bakoitzean zer errezeta ziren ohikoak. Eta, noski, zer errezeta eman nitzakeen gero pintxo moduan". Sukaldaritza molde ezberdinak pintxo bihurtuta nola eman izan du, aitortzen duenez, biharko saioa prestatzeko prozesuan erronka handiena. Pintxoak erabakitakoan, musikariei eman zien aukeraketaren berri. "Ez dakit jatun onak ala konformatu errazak diren, baina lehenengo proposamenarekin ados gelditu ziren".
Sarrerak salgai
Kontzertua bukatutakoan, 19:00 aldera, iritsiko da Iturrietaren pintxoak dastatzeko unea. Guztira, 600 bat pintxo emango dituzte luntxean, eta gehienez ehun lagunek izango dute horiek dastatzeko aukera. Sarrerak salgai daude
Goteo.org atarian, Azpeitian Sanagustin kulturgunean bertan eta Juantxo Txiki tabernan, eta Zestoako Laiak dendan ere bai, 15 euroren truke.