Tubazaleek badute plaza

Maialen Etxaniz 2017ko urriaren 6a

Adin eta maila guztietako tuba jotzaile eta tubazaleek dute lekua Tuba Jaialdian. Ekitaldi gehienak Azpeitian izango badira ere, Hernanira eta Lekeitiora ere iritsiko da.

  Iazko Tuba Jaialdiko irudi bat, Sanagustin kulturgunean. (Argazkia: Alberto Beloki) Ez da ohikoa instrumentu bakar bat jotzen duten musikariak elkartzea eta horren bueltan jaialdi bat antolatzea. Arraroa izanagatik ere, burutazio hari forma eman zioten Azpeitian elkartu ziren hainbat tubazalek duela zortzi urte. Hala, 2009an I. Tuba Jaialdia iritsi zen Azpeitira. Orduz geroztik, pixkanaka-pixkanaka garatuz joan da egitasmoa. Zortzigarren urtez antolatuko dute aurten, eta ate joka daukate jada. Joan den asteazkenean zabaldu zuten iazko jaialdian hartutako irudiekin osatutako erakusketa, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Urriaren 17ra arte iraungo dute jaialdiaren barruan antolatu dituzten ekintzek. Aurten, gainera, Azpeititik irten eta Hernanira nahiz Lekeitiora (Bizkaia) iritsiko dira tuba hotsak. Elkartean afaldu ostean sortzen diren elkarrizketa horietako batetik sortu zen Tuba Jaialdia. Hala gogoratu du Agustin Jimenezek (Azpeitia, 1974), antolatzaileetako batek: "Elkarrekin hizketan ari ginela aipatu genuen ederra izango zela inguruko tuba jotzaileen topaketa bat egitea. Izan ere, gutxi gara tuba jotzen dugunak, musika banda bakoitzean bi edo hiru". Helburu gisa jarri zuten tuba eta bonbardinoa jotzen duten maila eta adin guztietako musikariak elkartzea. Ideia bota, eta hari forma ematen hasi ziren. Aurreneko harremanak eginda, sarea sortu zuten ondoren. Gaur egun, Euskal Herriko hainbat txokotako tuba jotzaile eta tubazaleak aritzen dira antolatzaile lanetan, baina, Jimenezek azaldu duenez, Metal Boskoteak eta Azpeitiko Musika Bandak ere asko laguntzen dute. "Jaialdiak jende asko dauka atzean". Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide