Jon eta Unai Alberdi. (Eneritz Albizu)
Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) eta Unai Alberdi (Azpeitia, 2002) anaia azpeitiarrak Asegarcek "etorkizuneko izarrak" trebatzeko duen formazio taldean arituko direla jakinarazi du pilota enpresak. Guztira, sei pilotari gaztek osatzen dute gaur egun talde hori: bi aurrelari azpeitiarrak, Iker eta Jon Mariezkurrena anaiak (Berriozar, Nafarroa), Iosu Ezkiroz (Makirriain, Nafarroa) eta Iosu Aranguren (Usurbil, Gipuzkoa). Jon Alberdik 18 urte ditu, eta 15 ditu Unai anaiak; azken hori da, hain zuzen ere, Asegarceren formazio taldeko kiderik gazteena.
Alberditarrek astean bitan egingo dituzte lan saioak Asegarceren teknikarien aginduetara. Asegarceren harrobiko kide gisa, aurre-kontratua sinatu dute enpresarekin. Asegarcek pilotari gazteak trebatuko ditu eta haien jarraipena egin, etorkizunean enpresak profesionaletan duen pilotari taldeko kide izateko aukera izango duten ala ez erabakitzeko helburuarekin.
Bien bitartean, Ilunpeko kide izaten jarraituko dute Alberdi anaiek, eta Azpeitiko elkartea ordezkatuko dute afizionatu mailako txapelketetan.