Harrera protokoloa diseinatu duten eragileetako ordezkariak. (Azpeitiko Udala)
Azpeitira iritsi berri diren pertsonen eta bertako herritarren arteko harremana, ezagutza eta elkarbizitza hobetzen laguntzeko asmoz, harrera protokoloa diseinatu dute Udalak eta hainbat eragilek, elkarlanean.
Protokoloaren helburuetako bat da herrira iristen diren lagunen gizarteratze prozesua erraztea. Izan ere, Azpeitian ate askotatik egiten zaie harrera iritsi berriei: Udaleko zerbitzuetan, osasun zentroan, ikastetxe eta hezkuntza zentroetan, eta herriko bestelako elkarteetan, Elkar-ekinen, Elikagaien bankuan eta Karitasen, kasu.
Estitxu Elduaien Gizarte Zerbitzuetako batzordeburuak azaldu duenez, orain arte eragile bakoitzak "bere moduan" egin izan die harrera etorri berriei. Horregatik, harrera horien aurrean guztiek jarraibide berdinak jarraitzeko, elkartu eta protokoloa zehazten hasi ziren honako eragile hauek: Udaleko administraritza orokorra, Gizarte Zerbitzuak, Udaleko kontu hartzailetza, Kultura Saila, Kirol Sailak, Parekidetasun Saila, Udaltzaingoa, liburutegia, kiroldegia, Gaztelekua, Emakumeen Txokoa, Herriko osasun zentroa, ikastetxe guztiek, Udal eskualtegia eta EPA, Elkar-ekin, Elikagai bankua eta Karitas.
Protokolo honen helburua da eragile guztiek modu bateratuan eta koordinatuan egitea harrera hori, "ahalik eta egokien egiteko, informazio eta aholkularitza zerbitzu egokiena emateko eta eraginkorragoa izateko", azaldu du Elduaienek.
Printzipioak oinarri
Helburu horrekin bildu zen Udala herriko eragile ezberdinekin, udaberrian. Orain arte egindakoa aztertu, dauden gabeziak identifikatu eta elkarbanatu ostean, etorkizunean harrera egiteko modu bateratua adostu zuten. Protokoloa "printzipio batzuen gainean" landu dela esan du Elduaienek: "Esan beharra dago protokoloa printzipio batzuen gainean landu dela, eta printzipio edo balio horiek dituela oinarrian, herrira etorri berriekiko harremanak balio batzuren bueltan egon behar dutela sinesten dugulako". Hauek dira zehaztu duten harrera protokoloak jasotzen dituen printzipioak:- Kultura eta jatorri aniztasuna sustatzea helburu
- Bizikidetza eta elkarbizitza: etortzen direnei Euskal Herriaren eta herriaren beraren inguko informazioa ematea.
- Parte hartzea: herriko parte izan eta partaide izan daitezen sustatzea.
- Elkar ezagutza eta elkar aitortza sustatzeko espazioa eta ekintzak artikulatzea.
- Aukera berdintasuna: herritar guztiek eskubide eta betebehar berak dituztela sustatzea. Genero ikuspegia. Euskara, kohesio hizkuntza bezala.
- Gure herrian euskarak duen garrantzia jakinaraztea eta bere ezagutzara bideratzea.