Ikasberriko eta Udaleko ordezkariak parke berriaren parean. (Azpeitiko Udala)
Azpeitiko Ikastola Ikasberriko parke berria prest dago haurrek eskola garaian bertan jolas dezaten. Maiatzean hasi ziren jolasparkea egiteko obrak, eta udan bukatu bazituzten ere, ikasturte berriarekin batera hasi da Ikasberri jolas tokia erabiltzen eskola garaian.
Ikasberrik kanpoko jolaslekuan umeak eta gaztetxoak egoki jolasteko leku falta zutela adierazi zion Udalari duela hilabete batzuk, eta orduztik "elkar hartuta" lanean aritu dira Ikasberriko arduradun pedagogikoak, Artezkaritza kontseiluko eta zuzendaritzako kideak eta Udala, "arazoari irtenbidea bilatu nahian". Azkenean, ikastolaren ondoan bizikletentzako egokituta zegoen 250 metro koadroko lur eremuan egin dute jolasleku berria.
Ikasberrin abian dagoen Kimu proiektu pedagogikoaren baitan osatu dute parkea, eta Leire Goenaga zinegotziak azaldu duenez, "bereziki 0 eta 6 urte bitarteko haurren garapenera egokitutako jolasparkea da". Ikasberriko zuzendari Arantxa Bidezabalek esan duenez, Kimu Proiektuan kanpo espazioaren erabilerak "garrantzia berezia" hartzen du: "Esperimentazioa, esplorazioa eta jolasa dira haurraren ikaskuntza prozesuaren oinarri eta bitarteko. Hurrak, bere gorputzetik abiatuta, ingurunearen ezagutzeari ekiten baitio adin horretan".
Parkea eskola orduz kanpo "herritar orok" erabil dezakeela azpimarratu du Goenagak: "Astegunetan eta eskola garaian Ikasberriko haurrek erabiltzea adostua badugu ere, beste ikastetxeetako jolastokiak bezala, herritar orok erabiltzeko aukera izango du eskola orduetatik kanpo".