Gorka Urbizu eta Gotzon Barandiaran, Azpeitia DA! ikuskizunean

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 25a

Durangoko Azokako Ahotseneak herriz herri ospatuko du bere hamargarren urteurrena, eta egingo dituen lau geldialdien artean dago Azpeitia. Ahotsenean hartutako irudiekin osatutako erakusketaz gain, Sanagustin bisitatuko dute Gorka Urbizu musikariak eta Gotzon Barandiaran idazleak, azaroaren 16an.

Durangoko Azokaren baitako sortzaileen gunea da Ahotsenea, idazleek eta musikariek sortutakoa. Aurten, 10 urte betetzen ditu, eta urtemuga herriz herri ospatuko dute. Lau geltoki izango ditu birak, eta Azpeitiko Sanagustin kulturgunean egingo du azken geldialdia, azaroan. Urtemuga ospatzeko, argazki-erakusketa bat prestatu du Ahotseneak Txelu Angoitia, Saioa Cabañas Gau Ilunak eta Joseba Barrenetxea argazkilariek ateratako 25 irudirekin. Horiek ikusteko aukera izango da Sanagustinen, azaroaren 20tik abenduaren 3ra bitartean. Baina irudiak ez dira Sanagustinera iritsiko diren bakarrak. Izan ere, argazki erakusketaz gain, hainbat musikariren, idazleren, editoreren eta kazetariren gogoetak eta emanaldiak ere prestatu ditu Ahotseneak. Azpeitia bisitatuko duten artistak Gorka Urbizu musikaria eta eta Gotzon Barandiaran idazlea izango dira. Urbizuk eta Barandiaranek azaroaren 16an eskainiko dute emanaldia Sanagustinen, Azpeitia DA! izenpean antolatutako ikuskizunean. 20:00etan hasiko da emanaldia, eta sarreren inguruko informazioa aurrerago jakinaraziko du Kulturaz kooperatibak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide