Karmele Zabaleta, Bertan Merkatari Elkarteko lehendakaria. (Argazkia: Ainitze Agirrezabala).
Gaur eta bihar egingo den
Stock Azokaren atarian, prestakuntzekin "buru-belarri" dabil Azpeitiko Bertan Merkatari Elkarteko lehendakari Karmele Zabaleta, produktuak Azoka Plaza berrituta eraman eta salmentei ekiteko.
Sotck Azoka prestatzeak zenbaterainoko lan karga du dendariontzat?
Lantegi handia du. Merkatariok egunerokoan dendako zereginetara gaude, eta gure lehentasuna bezeroak dira. Dendara bezeroa etorriz gero, beste guztia alde batera utzi behar da, eta geratzen zaigun denbora tarte horretan segitzen dugu Stock Azokarako prestakuntzekin. Merkatari bakoitzak baloratu behar du zer geratu zaigun atzera, prezioak ere zehaztu egin behar dira... Merkataritzako sektore desberdinetan aritzen gara guztiok, denok zeregin desberdinak ditugu. Esate baterako, ehunak ditugunok plantxatuta eraman behar izaten ditugu arropak, bakoitza bere pertxan jarrita, txukun aurkezteko. Beste era bateko produktuak dituztenek, berriz, kontu handia izan behar dute ezer puska ez dadin.
Guztira, zenbat postu egongo dira?
43 merkatari egongo gara, hiru lekutan banatuta. Gune nagusia Azoka Plaza berritua izango da, eta plazako arkupetan ere egongo dira postuak. Beste hainbat saltoki Erdikalean jarriko dituzte, gehienak beren denden aurrean. Beste multzo txiki bat Balentina Agirre Plazan egongo da.
Aurten, Balentina Agirre plazan ere postuak izango dira, beraz?
Garai batean, stocka Azoka Plazan bakarrik egiten zen, baina duela pare bat urte merkatariei aukera eman zitzaien beren produktuak denda kanpora ateratzeko eta salgai jartzeko. Balentina Agirre plazako merkatari batek edo bestek han bertan jartzeko proposamena egin dute elkartean, eta baimena eman zaie. Guztira, bost postu izango dira plaza horretan.
Zer dela-eta ez duzue Stock Azoka Azoka Herritik ekimenaren barruan antolatu?
Garaiak asko aldatu dira, eta azken urteetan elkarrekin antolatu izan badugu ere, berriro geure erara, bakarrik, probatzeko gogoa genuen. Izan ere, iruditzen zitzaigun Azoka Herritik egitasmoaren barruan ekintza asko antolatzen zirenez, ekitaldiak pilatu egiten zirela, eta, ondorioz, jendea oso sakabanatuta izaten zela. Geure kabuz antolatuta ea nola ateratzen den.
Herritarrek zer harrera egiten diote produktuak kalera ateratzeari?
Oso ona. Eskaintza oso bereziak izaten dira, eta batzuk horren zain izaten dira. Saltoki bakoitza mundu bat gara, baina zenbait produktutan %70eko beherapena lortzea posible da. Beraz, ehungintzaren kasuan, esaterako, parean neurriko arropa tokatuz gero eta gustatuz gero, izugarrizko aukera da.
Zer balorazio egiten duzu beste urteetako Stock Azokez?
Denok dakigu ekonomia, erosketa ohiturak eta erosleak asko aldatu direla, baina, oro har, iazko edizioa kenduta, balorazio ona egiten dugu. Iaz ez zigun eguraldiak batere lagundu, hainbeste lan egin ondoren, eskasa izan zen guztiontzat, baina horren kontra ez dugu ezer egiterik. Nolanahi ere, azokaren egunei dagokienez, aldaketa bat egin genuen, eta horretan asmatu dugu. Izan ere, garai batean, zapatuan eta igandean izaten zen stocka, baina jai arratsaldean ez zen jenderik izaten. Orain, ostiral arratsaldean eta zapatuan izaten da, jende gehiago mugitzen baita.
Zuen elkartearen leloa da Bertan bizi, bertan erosi. Zer esan nahi diezu herritarrei?
Herritar guztiak animatu nahi ditut azoka bisitatzera. Azpeitian bertan merkatari ugari gaude. Herrian sektore guztietako nahikoa produktu badago bertan erosteko, kanpora joan beharrik izan gabe. Produktu erakargarriak eramaten baditugu eta jendearengana iristen bagara, harrera ona izango du aurtengo azokak.