Asier Cuevas: "Eguraldi normalagoa egin izan balu, ez nukeen arazorik izango marka ezartzeko"

Ane Olaizola 2017ko irailaren 20a

44 urte izanagatik, atletismoko lehen lerroan jarraitzen du Asier Cuevas (Eibar, 1973) Azpeitiko bizilagunak. Herbeheretako Winschoten hirian 50 kilometrotako lasterketa jokatu zuen irailaren 9an, eta lehenengo postuan amaitu zuen proba. Horrez gain, joan zen igandean, Valladolideko (Espainia) Ribera Run Race 20 kilometroko proban ere nagusitu zen atleta.

Cuevas, artxiboko irudi batean. Nola sentitu zinen irailaren 9an Herbeheretan jokatu zenuen lasterketan? Ehun kilometroko lasterketa zen Winschoten hirikoa, eta taldeko Ibon Esparza parte hartzera zihoan. Lasterketa horrekin batera, beste proba bat egitekoak ziren, 50 kilometrokoa, eta sasoi onean sentitzen nintzenez, proba horretan parte hartzera animatu nintzen. Espainiako marka berria ezartzeko helburua nuen, baina eguraldiak ez zuen lagundu. Izan ere, euritan egin genuen ia lasterketa guztia, eta euria ez da batere egokia denbora luzez korrika egiteko. Lehenengo itzuliak marka egiteko moduan eman nituen, baina, azkenenengoan, beheraka joan nintzen, eta ezin izan nuen errekorra gauzatu. Azken finean, denbora askoan egiten dugu korrika, eta euriarekin eta haizearekin giharrek asko sufritzen dute. Marka hautsi ez izanaren arantza al duzu? Amorru pixka bat sentitu nuen. Izan ere, hurrengo urtean Munduko Txapelketa jokatuko dut, eta, horregatik, ezin izango dut 50 kilometroko beste lasterketa baterako prestatu. Dena den, ikusi dut halako proba baterako prest nagoela, eta horrekin geratzen naiz. Lasterketaren alde positiboa izan da irabazi egin dudala. Alde handiarekin irabazi zenuen. Espero al zenuen beste korrikalariei halako distantzia ateratzea? Ez nuen espero. Bigarren egin zuen korrikalariak marka oso onak ditu 50 kilometroko lasterketetan. Berarekin borrokatu beharko nuela uste nuen. Baina hark ere aipatu zidan euriak min handia egin ziola eta kostata iritsi zela helmugara. Beste baldintza batzuekin, marka hautsiko zenukeen? Bai. Eguraldi normalagoa egin izan balu, ez nukeen arazorik izango marka ezartzeko. Lasterketa hasieran, martxa ona nuen, baina, amaieran, hautsi egin nintzen. Zer eskatzen du halako lasterketa baterako prestatzeak? Lasterketa hau arraro samarra izan da. Urtero, Munduko Txapelketa edo Europako Txapelketa jokatzen da. Aurten, Europakoaren txanda zen, baina, azkenean, bertan behera geratu zen. Lasterketarik jokatu gabe ez egotearren, Herbehereetako lasterketa horretarako prestatzen hasi nintzen. 25 astetan entrenatu nuen, eta planifikazioa maratoi baterako prestatzearen antzekoa izan zen. Nola uztartzen dituzu entrenamenduak lanarekin eta familiarekin? Goizean goiz jaikitzen naiz, eta egun luzea izaten dut. Egunean entrenamendu bakarra egin behar badut, arratsaldean, lanetik ateratakoan, joaten naiz korrika egitera. Bi saio egin behar baditut, berriz, lehenengoa 06:30ak aldean egiten dut, eta, bigarrena, arratsaldean. Etxera 20:00ak baino lehen joaten saiatzen naiz, etxekoekin egoteko eta lanak egiteko. Zein da emaitza horiek lortzeko duzun sekretua? Abantaila bat dut beste korrikalariekiko; ez naiz lasterkari profesionala, ez naiz korrika egitetik bizi. Korrikalari profesional batek asko lehiatu behar du, eta horrek sasoiko jartzen zaitu, baina ahuldu ere egiten zaitu. Nire kasuan, gutxi lehiatu naizelako daramatzat urte asko korrika. Horren alderdi negatiboa da ordu gutxiago ditudala atseden hartzeko. Bere garaian hartu nuen erabakietako bat da kirol ibilbidea familiarekin eta lanarekin uztartzea, eta ez naiz damutzen. Oraingoz, ondo moldatzen naiz. Soilik korrikari eskainiko banio denbora, emaitza hobeak lortuko nituzke, baina ez nau arduratzen horrek. Zein izango da zure hurrengo lasterketa? New Yorkeko Maratoian parte hartuko dut lehenengo aldiz. Baina ez naiz beste lasterketa batzuetan bezala lehiatzera joango; ondo pasatzea eta gozatzea da nire asmoa. Korrikalari gisa, gertu ikusten duzu erretiroa? Datorren urtean Munduko Txapelketa jokatuko dut Kroazian, eta harako prestatzen hasiko naiz orain. Ondoren, pixkanaka, errendimendua gutxitzen joango naiz. Izan ere, dagoeneko 44 urte ditut, eta egunen batean esan beharko dut nahikoa dela. Duela bi urte esan zenuen munduko txapelduna izatea bakarrik falta zitzaizula. Helburu hori al duzu oraindik buruan? Helburua da ahalik eta sasoi onenean joatea Munduko Txapelketara. Irabaztea beste gauza bat da. Halako distantzietan, Munduko Txapelketa bat irabaztea oso zaila da. Korrikalari oso onek parte hartzen dute, eta faktore guztiek bat egin behar dute txapelketa ona egiteko. Gainera, azken Munduko Txapelketan baino bi urte gehiago ditut, eta zailagoa izango dut irabaztea; ahal dudana egingo dut, beraz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide