2016ko Tuba Jaialdiaren kontzertua Sanagustin kulturgunean. (Nerea Uranga)
Musika banda eta orkestra gutxitan faltako dira, baina "jende gehienak ez daki zer diren tuba bat edo bonbardino bat", dio Agustin Jimenezek (Azpeitia, 1974). Ezjakintasun hori apaltzeko, bi haize instrumentuokin ere "musika egin daitekeela" erakusteko, eta tuba eta bonbardinoa maite dituzten musikariak elkartzeko asmoarekin hasi ziren Jimenez eta Azpeitiko Metal Boskoteko kideak Tuba Jaialdia antolatzen. 2010ean egin zuten lehendabizikoa, eta zortzigarrenaren atarian daude. Urriaren 3tik 17ra egingo dute aurtengoa, eta berrikuntzekin dator 2017ko edizioa.
Datozen egunetan emango dute ia itxita duten egitarauaren berri, baina aurretik badute beste egitasmo aipagarri bat esku artean. Izan ere,
finantzaketa kolektiboa jarri dute martxan Interneten,
Goteo.org atarian, eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren Meta mikromezenasgo proiektuaren barruan. Atzo aurkeztu zituen aldundiak aurten lagunduko dituen egitasmoak; Tuba Jaialdiarekin batera Azpeitiko beste egitasmo bat ere badago, #AnnapurnaII_86, eta Telmo Irureta zumaiarraren bizitzaren gaineko
Urez eta harez filma ere bai. Metarekin, finantzaketa kolektiborako kanpainaren ekarpenen bidez jasotzen duen euro bakoitzeko, euro bateko diru laguntza emango dio egitasmo bakoitzari aldundiak, 100 euro arteko ekarpenetan; guztira, egitasmo bakoitzarentzat 3.500 euroko laguntza dago aurreikusita.
Antolatzaileek urtero lotzen dituzten babesle pribatuekin batera, orain arte Azpeitiko Udalaren babesa izan du urtero Tuba Jaialdiak. Meta proiektuarekin, "aldundiaren bidez beste finantziazio bide bat irekitzeko aukera" ikusi zutela azaldu du Jimenezek, "etortzen diren musikariei beste ordain klase bat eman ahal izateko, eta jaialdiaren barruan gauza gehiago egin ahal izateko. Ahalegin handia egiten dute musikariek jaialdian parte hartzeko". Finean, jaialdiaren azpiegiturak eta eskaintza sendotzeko aukera ikusi dute
crowfunding-aren bidez. Eta, bide batez, "ingurukoei beti eskean" ibiltzeari uztea ere nahi dute.
Helburu "lorgarria"
Joan den ostegunean ireki zuten finantzaketa kolektibo kanpaina eta 40 egun dituzte gutxieneko kopurura iristeko: 8.360 euro. 10 eurokoa da gutxieneko ekarpena; hortik aurrera, kopuru xumeetatik potoloetara, aukera zabala dago ekarpenak egiteko. Gainera, ekarpena egiten dutenek pizgarriak jasoko dituzte trukean; urriaren 12an goi mailako sukaldaritza eta musika uztartuko dituen emanaldirako sarrerak eta aurten aterako dituzten kamiseta berriak, besteak beste. Ezarritako helburua beteko dutela uste du Jimenezek, "lorgarria" dela deritzo.