Euskal Koparako txartela jokoan izango du Añares Rioja ISBk igandean Galdakaon

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 15a, 18:13

Añares ISBk joan den asteburuan Azkoitian jokatu zuen lagunartekoa. (ISB) Denboraldi-aurreko bigarren hitzordua ez da aurrena bezain lagunartekoa izango Añares Rioja ISB taldearentzat. Joan den asteburuan Orthezen kontra Azkoitian itxura ona eman ondoren, Iraurgiko emakumeek Galdakaon jokatuko dute igandean, Ibaizabalen kontra, eta Euskal Koparen azken faserako txartela jokoan izango dute 17:30ean hasita jokatuko duten neurketa horretan. Intza, Garazi. Maite Zubizarreta, Araia, Libe, Itsasne, Erika, Hatty, Maite Merketegi, Eider, Alazne Lizundia eta Ana Ugarte sartu ditu deialdian Xabier Chicok. Igandeko partida irabazi ezkero, IDK-rekin, Araskirekin eta Gernikarekin neurtuko ditu indarrak koparen azken fasean. Lagunartekoa Oviedon Sammic Hosteleria ISBk, berriz, bigarren lagunartekoa jokatuko du bihar. Oviedon (Asturias, Espainia) hango taldearen aurka arituko da, 19:30ean. Altsasun Basket Navarra mendean hartu ondoren, Lolo Encinasen gizonek Urrezko LEB ligan arituko den beste talde baten aurka indarrak neurtzeko aukera ona izango dute. Sammicen deialdian bi berritasun nagusi daude, Bulic eta Kaminski etorri berriak. Horiekin batera egingo dute Oviedorako bidaia Maizak, Zubizarretak, Ander Garciak, Merketegik, Guridik, Galarretak, Salazarrek eta Portalezek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide