Etxebizitzen alokairurako laguntzen deialdia zabaldu du Azpeitiko Udalak

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 12a

Alde Zaharreko bizilagunek 50 euroko gehigarria izango dute. (Nerea Uranga) Etxebizitzen alokairua ordaintzeko diru laguntzen deialdia abiatu du Azpeitiko Udalak, eta herritarrek urriaren 15era bitartean eskatu ditzakete. Iaz bezala, 18 eta 35 urte bitarteko gazteek, mugikortasun urriko pertsonek, banatu edo dibortziatuek, alargunek eta 70 urtetik gorakoek eskatu ditzakete laguntzak. Udalak, gainera, aurten indartu egin ditu laguntzak, eta, guztira, 200.000 euro bideratuko ditu egitasmora, iaz baino 50.000 euro gehiago, hain zuzen ere. Diru sarreren arabera jasoko dituzte laguntzak, eta, gehienez, hilean 250 euro jasoko dituzte. Urtebeteko epealdia izango dute, eta aurreko urteetan ere jaso zituztenek aurten ere egin beharko dute eskaera. Era berean, etxebizitza Alde Zaharrean baldin badago, hilean 50 euro gehiago jasoko dute eskatzaileek, udalaren apustua delako gune hori biziberritzea. Laguntzak martxan jarri zituenetik, gero eta eskaera gehiago jasotzen ditu udalak, eta dagoeneko 200 lagunek baino gehiagok jaso dituzte laguntzak. "Urtez urte herritarren beharretara egokitzen joan gara laguntza horiek, eta gazteentzako izaten hasi baziren ere, gaur egun etxebizitza eskubidea bermatua izateko zailtasunak dituzten beste hainbat kolektibori ere zuzentzen dizkiegu laguntzak”, esan du Ainara Larrañaga zinegotziak. Udalaren arabera, "etxebizitza politika berri bat diseinatzeko" hartutako lehen erabakietakoa izan zen alokairuen diru laguntzena. Aurten, berriz, herriko etxebizitza beharrak aztertu dituzte, eta ikerketa bat egin dute. "Etxebizitza beharrak zeintzuk diren, eta herritarren nahiak zeintzuk diren aztertu nahi izan ditugu, ondoren, gure herrira egokitutako etxebizitza politika sustatzeko". Diru sarreren arabera, honako laguntzak jasoko dituzte: 0,00 € - 15.000,00 euro --------------- Alokairuaren % 50 15.000,00 € - 21.000,00 euro--------- Alokairuaren % 40 21.000,00 € - 30.000,00 euro-------- Alokairuaren % 30 30.000,00 € - 35.000,00 euro-------- Alokairuaren % 20    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide