Labaka, Bengoetxea, Otaegi eta Gorrotxategi atzo, Sanagustin kulturgunean. (Mailo Oiarzabal)
Ekainean aurkeztu zuen Azpeitiko Kulturaz kooperatibak
Arkupehotsak, herriko, eskualdeko eta Euskal Herriko musikari eta musika proiektu berriei plaza bat eskaintzeko helburu nagusia duen egitasmoa. Aurkeztearekin batera ireki zuten lehen deialdia, interesa zuten talde edota bakarlariei zuzenduta. Eta atzo eman zuten lehen deialdi horren emaitzen berri.
23 talde edota bakarlari aurkeztu dira Arkupehotsaken lehen deialdira, eta horietatik hamar aukeratu dituzte, datozen hilabeteetan Sanagustin kulturguneko Arkupea gunean kontzertuak emateko. Hauek dira hautatuak: Hartz (Azkoitia), Kvalvika (Eibar, Gipuzkoa), Mikel Uraken (Bilbo), Zoo (Beskoitze, Lapurdi), Ni (Mungia, Bizkaia), Bullets of Misery (Gernika, Bizkaia), Falta (Hazparne, Lapurdi), Delient (Azpeitia), Autumn (Donostia) eta Nau (Donostia).
Pozik daude Kulturazen egitasmo berriak izandako harrerarekin. Aitor Bengoetxeak "ezusteko positiboa" izan dela dio, "lehen deialdia izanda", hainbeste proiektu aurkeztu izana. "Aniztasuna" nabarmendu du, Euskal Herriko ia lurralde guztietatik iritsi zaizkielako proposamenak, batetik; eta musikalki ere "aberatsa" izan delako jasotakoa, estilo aniztasunari dagokionez.
Bigarren deialdia, azaroan
Orain, Arkupehotsaken aukeratu dituzten musikariak zuzenean ezagutzeko unea iritsiko da, eta "jendea sortzaile berriei babesa ematera gerturatzea" nahi dute Kulturazen.
Irailaren 16an irekiko da osatu duten kontzertu programazioa; Hartz eta Mikel Uraken igoko dira Arkupeko oholtzara egun horretan. Urriaren 29an, azaroaren 17an, abenduaren 22an eta urtarrilaren 12an izango dira beste emanaldiak, guztiak doan.
Arkupehotsaken bigarren deialdia, berriz, azaroan irekiko dute. Aurrenekoan aukeratu ez dituzten hamahiruak hor egongo dira, berriak gehitzeko zain.
Babesle berria
Badok eta Musikazuzenean atari digitalekin batera egin du Kulturazek taldeen aukeraketa. Azpeitiko Udalaren, Gaztea irratiaren, Kultura Live elkartearen eta Dinamoa Sormen Gunearen babesa ere badu egitasmoak. Atzo, gainera, aurrerantzean Arkupehotsaken babesle nagusi izango dena ere aurkeztu zuten Sanagustinen: Bankoa Credit Agricole banketxea.
Josu Labaka udaleko Kultura batzordeburua eta Bankoako Aitor Gorrotxategi eta Ioritz Otaegi izan zituen ondoan Kulturazeko Bengoetxeak aurkezpenean.