Kataluniako erreferendumari babesa erakutsi diote Azpeitiko GEDk eta berrehundik gora herritarrek

Urola Kostako Hitza 2017ko irailaren 7a

Kataluniarren prozesua arreta bereziarekin jarraituko dutela azpimarratu dute, "hori baita GEDk herriarentzat nahi duena: euskal herritarrak egun batean erabakitzeko aukera izatea". Erabakitzeko eskubidearen aldeko Azpeitiko taldeak esan du, herri borondateari ezin zaiola "inolako mugarik" jarri, eta dei egin die herritarrei GEDk irailaren 16rako deitu duen mobilizazioan parte har dezaten.

Azpeitiko GEDko kideak, herriko aurpegi ezagunak eta aldarriarekin bat egiten duten dozenaka azpeitiar bildu da plazan. (Maialen Etxaniz) Azpeitiko Gure Esku Dagok eta berrehundik gora herritarrek babesa erakutsi diote Katalunian estatus politikoaren inguruan urriaren 1ean egingo duten erreferendumari. Atzo, irailak 6, onartu zuten erreferendumaren legea Kataluniako Parlamentuan. Egun bat beranduago egin du agerraldia Azpeitiko GEDk, plazan. Kataluniarren prozesua "arreta bereziarekin" jarraituko dutela esan dute Laxaro Azkune eta Eneritz Albizu Azpeitiko GEDko kideek: "Urriaren 1ean herritarrei independentzia nahi duten ala ez galdetuko zaie. Estatuarekin mantendu nahi duten harreman politikoari buruz galdetuko zaie. Nazio gisa zer izan nahi duten erabakiko dute. Eta Euskal Herritik arreta bereziarekin jarraituko dugu haien prozesua, horixe bera baita Gure Esku Dagok gure Herriarentzat nahi duena: euskal herritarrok egun batean aukera izatea, erreferendum lotesle eta demokratiko baten bidez, estatuarekin mantendu nahi dugun harreman politikoa zehazteko. Gure etorkizun politikoaren protagonistak izatea, alegia". Mobilizazio nazionalerako deialdia Agerraldia amaitzean, irailaren 16an Gure Esku Dagok Kataluniako erreferendumaren alde egingo duen manifestaziora animatzeko dei egin diote herritarrei. Mobilizaziora joateko autobusak antolatuko ditu GEDk, eta honako taberna hauetan egin daiteke izen-ematea: Orkatz, Berdie edo Kantoi. Atzo, irailak 6, onartu zuten erreferendumaren legea, Kataluniako Parlamentuan. Aldeko 72 botorekin eta 11 abstentziorekin onartu zuten urriaren 1ean independentziarako erreferenduma egiteko legea. Espainiako Auzitegi Konstituzionala prozesura baliogabetzea aztertzen ari da gaur goizetik.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide