Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Bixente eta Felix Agirre anaiak omendu dituzte Legazpiko Artzain Egunean, artzain bezala urteetan egindako lanagatik. Elgoibarren, aldiz, Gipuzkoako idisko eta ganadutegi onenaren sariak jaso dituzte.
Felix eta Bixente Agirre anaiak hainbat ganadurekin, Premietxeberri baserrian.
Aita Martinengandik eta ama Bittorirengandik jasotako jakintza bidelagun, haien pausoak jarraituz, Sañu mendiaren magalean, baserrian eta baserritik bizi dira Bixente (Azpeitia, 1953) eta Felix Agirre Alberdi (Azpeitia, 1956) anaiak. Aitak irakatsi zien ardiak maitatzen, zaintzen eta jezten; eta amari esker dakite esnea gai delikatua eta preziatua dela oso, eta esnea mimatuz gero, gazta gozoa lortzen dela.
Artzaintza eta abeltzaintza ofizio soilak ez ezik bizimodu bat direla garbi erakusten duen baserria da Premietxeberri. Dozena erdi bat abelburu hartuta, Felix Agirre Salamancara joana da feriara, eta, beraz, Premietxeberriko atarian Bixente maiorazkoa bizimoduaren inguruan luze solastu da.
Baserriaren ondoan ganadutegi koskor bat eta gaztandegia dituzte; eta handik masa bidean gora lau kilometro eginda, beste ganadutegi bat, handiagoa. Anaia zaharrenaren esanetan, 400 eta 500 ardi artean dituzte; 90 behi eta beste hainbeste txahal. "Buru asko dira, bai. Nahikoa lan izaten da ardiak jezten, abenduaren aurren aldera hasi eta sanferminak arte. Urri azkenean, azaro aurrenean, berriz, arkumeak jaiotzen hasten dira, apirilaren azkenera arte. Eta gazta egiteak ere lan handia du. Urtean hamar tona ekoizten ditugu, gutxi gorabehera".
Abeltzaintzari dagokionean, berriz, Bixente Agirrek dio lanik gehiena, batez ere, neguan izaten dela, behiei jatekoa eman egin behar izaten zaielako. "Haiek jetzi beharrik ez dago, kumeek biltzen diete-eta ederki esnea. Alde horretatik, behintzat, ardiak jezten izaten dugun lan hori ez dugu". Behiak haragitarako saltzen dituzte Premietxeberrin, baina baita ama izateko ere, urrixak. "Idiskoak ere saltzen ditugu, aitatarako, baina emea errazago saltzen da, hogei behirentzat idisko bat izaten da eta".
Fabrikan eguna luze
Lana egiteko moduari dagokionean, halere, teknologia berriei esker, urteen poderioz, "gauzak izugarri aldatu" direla dio Premietxeberriko maiorazkoak. "Bestela ez dago hainbeste abelburu gobernatzerik. Garai batean, esaterako, eskuz jezten genituen ardiak anaiak eta biok. Gu hamar senide gara, eta kalean lana eginagatik, etxeko guztiek egin behar izaten genuen lana baserrian ere. Hemen ez zen inor libratzen!".
Eraikuntzan aritu zen hilabete batzutan Bixente Agirre, eta bi urtez, berriz, Azpeitiko altzairu lantegi batean. "Han ez zen denborarik pasatzen. Eguna erlojuari begira pasatzen nuen, baina orratzek ez zuten aurrera egiten. Hura ez zen nirea, ezta pentsatu ere! Gainera, fabrikatik ateratakoan beti izaten genuen zeregina baserrian, ganadu jatekoa ez bazen, belar jirak izaten genituen. Eta, noski, lana egiteko lekua, bat nahikoa da. Niri baserria eta ganadua betidanik gustatu izan zaizkit, eta mutil koskorretatik argi nuen baserrian eta baserritik bizi nahi nuela".
Baserrian jaiegunik ez da izaten, eta "ordu asko" eskaini beharreko bizimodua da. Nolanahi ere, Agirrek dio hondartzara joatea baino "nahiago" duela ganadu lanak egitea. "Sakrifizio handiko bizimodua da, bai, eta, agian, zenbaitek lantegian zortzi ordu eginda diru gehiago irabaziko du, baina gustura ari ez bazara...".
Sariak eta omenaldiak
Saiatzen denak eta lana gogoz eta mimoz egiten duenak lehenago edo beranduago jaso ohi du merezitako uzta. Iragan abuztuaren 26an, esaterako, Elgoibarren egin zen Gipuzkoako Limusina Txapelketan idisko eta ganadutegi onenaren sariak jaso zituzten.
Joan den igandean, berriz, Legazpiko Artzain Egunean bi anaiak omendu zituzten, artzain bezala urteetako lana aitortuz. Sustraiak baserriari ondo lotuta dituzte Premietxeberrin.