Suharri Aranburu eta Gilen Aldalur: "Gustura gaude azken boladan talde bezala asko hazi garelako"

Maialen Etxaniz 2017ko irailaren 6a

Azken bi urteetan jasotako fruituak batu, eta disko berriaren hegaldiari ekiteko prest dago Azkoiti-Azpeitiko taldea. Aurrerantzean, taldekide berriarekin igoko dira oholtzara.

Trini Fox taldea. (Maitane Bermejo) Letaginak deitzen da kaleratzear zaudeten diskoa. Nondik dator izena? Aurrena, azeria hitza hartu eta hizkuntza ezberdinetan nola izan zitekeen pentsatu genuen. Baina, azkenean, letaginak hautatu genuen, animaliek defentsarako erabiltzen eta erakusten dituztelako. Kantuak, gehienak, barne gudak dira, eta hori dela eta hitz interesgarria iruditu zitzaigun. Zer gai jorratzen dituzte abestien hitzek? Denboraren inguruan asko hausnartzen duten abestiak daude diskoan, beren izenek esaten duten bezala: Gero, Hilzorian, Bila nabil... Bestalde, harremanen inguruan gertatzen diren buruhausteez ere aritzen gara, gauzak belzten diren uneetako sentimenduez. Eta gauzak argitzen diren uneaz aritzen al zarete? Bai, abesti bakarrean. Izan ere, pixka bat gure estilotik bereizten den kantu bat dago diskoan, pop doinuetara gehiago gerturatzen da, eta kantu hori da alaiena edo positiboena. Zer ezaugarri ditu diskoak musika aldetik? Guztira, bederatzi abesti ditu lanak, eta kantutik kantura asko aldatzen da estiloa. Gehienak rockeroak dira, baina ikusten da hirurok oso musika ezberdina entzuten dugula; hori kantuetan asko antzematen da. Bestalde, ahotsak ere oso ezberdinak dira, unean uneko egoerak ere eragiten duelako. Kolaboraziorik izan al duzue diskoa grabatzean? Bai, Chico Tornado. Suharrik laguna du txikitatik, baita Niña Coyote ere, eta beti babestu dute gure lana. Diskoan kolaborazioren bat egitea otu zitzaigunean zuzenean pentsatu genuen eurekin, eta Chico Tornado animatu zen estudioan sartzera. Izugarrizko abestia atera zen azkenean. Disko berria irailaren 14an aurkeztuko duzue Donostiako Bukowski aretoan. Zer dela eta hori? Egia auzoan dagoen musika klub bat da Bukowski, eta musikarentzat oso leku garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Munduko txoko ezberdinetako taldeek jo izan dute han, eta Suharrik lan egiten du bertan noizbehinka. Beraz, toki berezia da guretzat. Bertaratzen den jendeak gure doinuen antzerakoak entzuten ditu, eta hori interesgarria iruditzen zaigu. Horregatik jo dugu areto horretara, eta ziur berezia izango dela. Nolakoa izango da diskoaren aurkezpena? Izugarria [kar, kar, kar]. 20:00etan hasiko da zuzenekoa, eta diskoa grabatu digun teknikoa izango da gurekin. Hark gu bezalaxe ezagutzen ditu abestiak, eta hura mahaian egoteak izugarrizko segurtasuna ematen digu. Chico Tornado ere igoko da gurekin oholtzara. Edonor hurbil daiteke bertara, eta gure doinuak atsegin dituzten guztiak gonbidatzen ditugu. Diskoa kaleratu ostean, zer? Kontzertu mordoxka bat emango dugu, izan ere, hitzordu dezente ditugu lotuta. Esaterako, Kilometroetan joko dugu, Lezon, Donostian, Hendaiako musika jaialdi batean, Durangon... Azpeitian ere zuzenekoren bat lotzekotan gaude. Durangoko Azokan diskoak saltzea ere gustatuko litzaiguke. Bigarren bideoklip bat ateratzea ere buruan darabilkigu. Kaleratu berri duzuen kantak Hilzorian izena du, baina zuek oraintxe jaio zaretela dirudi, taldekide berri bat gehitu baita taldera… Bai, Iker Iparragirre andoaindarra da bera. Trini Fox ezagutu zuenetik gustatu zitzaion taldea, eta orduz geroztik kontzertu guztietan egon da. Beti esan izan digu gure teknikoa izan al zitekeen eta ea laguntzarik behar genuen. Diskoa grabatu ostean, konturatu ginen areto txikietan hiruko formatuak funtzionatzen zuela, baina leku handietan, abestiak ez zirela horren txukun gelditzen. Baxua behar genuela konturatu ginen orduan, eta Ikerri esan genion. Berak baiezkoa eman zion gonbidapenari. Astebetean kantu guztiak ikasita etorri zen. Katapulta Tour egitasmoaren barruan aukeratu zaituztete. Zer garrantzi du horrek zuena bezalako talde gazte batentzat? Katapultan sartzeak asko lagundu digu, taldearen izena zabaltzeko aukerak eman dizkigu, egitasmoan hautatzen dituzten taldeak sona handikoak izan ohi direlako. Kutxabankek sustatutako Izan Ezberdin egitasmorako ere deitu gaituzte, eta horri esker musika jaialdietarako ateak zabaldu zaizkigu. Zer balorazio egiten duzue orain arteko ibilbidean bizitakoaz? Oso ona. Abiada handia hartu dugu azken bi urteotan, espero genuena baino askoz erantzun handiagoa jaso dugu. Gustura gaude azken boladan talde bezala asko hazi eta hobetu garelako. Elkarrekin lan eginda eta gure kabuz poiektuak gorpuztuta lortu dugu hori.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide