Añares Riojako taldekideak Zarautzen, denboraldiaurreko saio baten ostean. (ISB)
Irailaren 30ean Cortegadaren kontra eta urriaren 1ean A Coruñaren aurka. Horiek dira, hurrenez hurren, Iraurgi Saskibaloiaren Añares Riojak eta Sammic-ek 2017-2018 denboraldia estreinatzeko izango dituzten neurketak. LF2ko emakumeak Azkoitian eta Urrezko LEB ligako gizonak Azpeitian, etxean hasiko dute klubeko bi talde nagusiek Jose Luis Zubizarreta
Xubi kirol zuzendariaren hitzetan "historikoa" izango den sasoia.
Espainiako saskibaloi lehiaketen bigarren koskan bi talde izango ditu lehen aldiz Iraurgi Saskibaloiak, eta jarraitzaileen babesa izatea espero dute.
Aldaketa asko
Sasoi batetik bestera jokalarien joan-etorri handia izan ohi da, normalean, Iraurgiren taldeetan, eta oraingoan ere hala gertatu da. Gizonetan zein emakumeetan, lau dira aurreko denboralditik jarraituko duten jokalariak.
Sammic ISBn Joe De Ciman, Gaizka Maiza, Ander Garcia eta Ibon Guridi dira taldean gelditu direnak; Alex Ramonek, Pablo Arenazak, Lander Segurolak, Kristof Shermanek, Tim Dezelskik eta Michael Karenak, aldiz, beste bide bat hartu dute.
Taldea utzi dutenen hutsunea betetzera etorri dira zazpi jokalari berri: Aitor Zubizarreta azpeitiarra, Iker Salazar (Zornotza) eta Alberto Ruiz de Galarreta (Clavijo Logroño) dagoeneko ari dira taldekideekin lanean, eta laster iritsiko dira, Simovic (Huesca), Kaminski estatubatuarra, Marcos Portalez (Huesca) eta Victor Serrano (Palma de Mallorca); azken horrek lehen ere jokatu zuen Iraurgin, Zilarrezko LEBen, 2011-2012 denboraldian.
Añares Riojan iazko atzerritarrik ez da izango eta, gainera, etxeko lau jokalarik utzi dute taldea: Naroa Uriak, Oihane Aizpuruak, Eider Bereziartuak eta Itxaso Astigarragak. Garazi Arregi, Maite Zubizarreta eta Intza Lizarazu dira aurreko sasoitik jarraituko dutenak; eta, horiekin batera, joan den denboraldian taldearekin entrenatu bai baina jokatu ez zuen Itxasne Zabaleta ere kantxara itzuliko da.
Bost jokalari berri fitxatu ditu Iraurgik emakumeen talde nagusirako: Libe Villar donostiarra, Uxue Morejon beasaindarra (Bera-Bera), Araia Peña gernikarra (Galdakao), eta Brenae Harris eta Erika Livermore estatubatuarrak. Seigarren bat ere ari da egunotan taldearekin lanean, Bende Blobinawezki belgikarra baina, momentuz, probatzen ari dira.