Munduko txoko ezberdinetako doinuak iritsiko dira hilaren 8an Azpeitiko Gaztetxera

Urola Kostako Hitza 2017ko ira. 1a, 18:06

22:00etan hasita, oholtzara igoko dira Antiligent, Üther, Magia Ultravioleta eta Screamers And Sinners musika taldeak.

Ikasturte berria gogotsu hasteko, irailaren 8an munduko leku ezberdinetako lau talde izango dira bisitan Azpeitiko Gaztetxean. 22:00etan hasita, Gaztetxeko oholtzara igoko dira Antiligent, Üther, Magia Ultravioleta eta Screamers And Sinners taldeak. Antiligent Berlingo HC/Punk taldea da, eta hiru kontzertu eskaintzera dator lehen aldiz Euskal Herrira. Taldeko partaide batzuk aurrez izan dira Gaztetxeko oholtzaren gainean beren doinuak aireratzen. Legen Beltza taldeko bateria den Iban Hernandez azpeitiarrak jotzen du Antiligent taldean, besteak beste. Honako loturan entzun daiteke taldearen abesti bat. Uther taldea bi azpeitiarrek eta Ondarruko lagun baten artean sortutako 'fastcore' taldea da. Kasik, Issuna ta 4 pelau taldeetan aritutako musikariek jotzen dute bertan. Orain dela gutxi grabatu dute beren aurreneko lana, eta hemen jarri dute entzungai bost kanturekin osatutako aurrerapena. Magia Ultravioleta da gaztetxera bertaratuko den taldeetako beste bat. Buenos Airesetik (Argentina) datorren bikoteak, rock alternatibo doinuak ekarriko ditu. Talde horrek Euskal Herrian kontzertu bat eskainiko duen aurreneko aldia izango da hilaren 8koa, eta indartsu iritsiko dira, beren emanaldiarekin entzuleak gozarazteko. Magia Ultravioletak pare bat disko ditu entzungai, eta eskuragarri daude hemen. Screamers And Sinners Arrasate aldetik datorren laukotea da, eta psychobilly doinuak eramango dituzte Gaztetxera. Bi disko atera dituzte dagoeneko, eta hurrengoa ateratzeko lanean dabiltza. Euskal Herriko oholtza askotan izateaz gain, Espainiako jaialdietan eta Frantziako zein Alemaniako jaialdietan eskaini izan dituzte kontzertuak. Honako loturan aurrerapen txiki bat.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide