Ekain Ibarguren. (Julene Frantzesena)
Ekain Ibargurenek (Azpeitia, 1996) 2016an sortu zuen Ekain-Txou pertsonaia, eta, ordutik, herriz herri dabil emanaldiak eskaintzen. Antzerki munduko lehen atea 8 urterekin zabaldu zuen; izan ere, Azpeitiko gaztetxoen antzerki eskolan egin zituen hastapenak, Alaitz Olaizola aktorearen gidaritzapean. Bidea urratu duen honetan, sudur gorria ez du saltzeko.
Uda sasoia, jaiak han eta hemen. Ekain-Txou ere izan da hainbat herritan...
Abuztuan zazpi bat emanaldi eskaini ditut: Elgoibarren, Adunan, Donostian, Mutrikun, Azpeitian, Azkoitian, Oikian... Gustura nago. Egia esan, nahi nuen, baina ez nuen espero hainbeste emanaldi egitea. Espero nuen dei batzuk jasotzea, baina uste baino hobeto joan da abuztua lanari dagokionez.
Zer harrera jaso duzu herri horietan guztietan?
Orokorrean, ona. Jendeak esan dit asko gustatu eta motza egin zaiola saioa. Beti esaten dut ez naizela Porrotx, bi orduko saiorik ezin dudala eskaini.
Galiziako Pallasos en Rebeldia taldeak antolatutako emanaldian parte hartu zenuen Donostiako Aste Nagusian. Nolatan?
Iaz ere han izan nintzen, lehendik ezagutzen nuen beste artista batek gonbidatuta. Bost-hamar minutuko emanaldia eskaini nuen, eta gustura. Halere, udan eskaini dudan saio bereziena Elgoibarko bigarrena izan zen. Huraxe atera zitzaidan ondoen. Azpeitikoa ere ederra izan zen, plaza jendez leporaino bete baitzen.
Urtea nahi bezala ari al zaizu joaten lanari dagokionez?
Urte berezia ari da izaten. Astero ez naiz ibili emanaldiz emanaldi, baina gauza desberdinak egiten ari naiz. Denetarik egiteko parada izan dut: nahi nituenak eta espero ez nituenak. Izan ere, Katxiporretarekin ari naiz lanean [Lore hezurmamitzen du], Ekain-Txou emanaldiarekin ere bai, eta irratian ere kolaborazioak egin ditut. Txetxu Urbieta kazetariak deitu zidan Hiru Erregeen Mahaia saioan aritzeko, eta pertsonaiak imitatzen jardun dut bolada batez. Azken hamahiru saioetan aritu nintzen kolaboratzen.
Nor imitatu duzu?
Hala moduz, baina Joxean Tolosa zestoar kutsuarekin; horrela atera zitzaidan. Urbietari esan nion horrela atera zitzaidala, eta esan zidan, lasai egoteko, Tolosaren aitona Endoiakoa zela esango zuela-eta [kar, kar, kar]. Proba gisa egin nituen lehen bi saioetan Javier Clemente eta Iker Muniain imitatu nituen. Eta, gerora, Argiñano eta Toshack ere bai. Egia esan ezagutzen ez nuen pertsonaia ugariren berri izan dut lan honi esker. Bestalde, asmatutako pertsonaia batzuei ere jarri diet ahotsa. Gustura jarraituko nuke lan horretan, baina dena hitz egiteko dago.
Zer eskatzen diozu ikasturte berriari?
Betiko martxan jarraitzea, gutxienez; hau da, Ekain-Txourekin eta Loreren paperarekin jarraitzea. Katxiporretarekin ikuskizun berria prestatzekotan gabiltza, eta Lore izango naiz hor ere. Horrela segitu nahi dut, eta gauza gehiago badatoz, gogoz hartuko ditut.
Proiektu berririk ba al duzu eskuen artean?
Ekain-Txouren ikuskizun berria egin nahi dut. Ideia solte ugari dauzkat, baina horiek guztiak ordenatu eta muntatu behar ditut. Ezin dut esan noiz iritsiko den emanaldi berria, baina etorriko da. Bestalde, zirko emanaldi batean hasiko naiz. Duela bi urte-edo Poxpolo eta Konpainiarekin egin nituen emanaldi batzuk, eta Iker Galartza ordutik ezagutzen dut. Hark zirko txiki bat sortu du, eta parte hartzeko gonbidapena egin zidan. Orain, karpa barruko harmailak ari gara egiten eta muntatzen, eta bukatzean hasiko gara lanean. Zirko horretan malabarista izango naiz. Euskal zirko bat behingoz, polita izango da!
Pailazo edo malabarista, zer duzu nahiago?
Pailazo izatea asko gustatzen zait, baina nahiago dut zirko batean lan egitea. Niretzat onena litzateke zirko batean pailazo bezala lan egitea. Ekain-Txouren emanaldietan ere malabareak sartzen ditut.
Egin duzun bide honetan, aurkitu al duzu oztoporik?
Bai, batez ere, arlo burokratikoan. Oraindik ez naiz automonoa, eta... [kar, kar, kar]. Gainerakoan, emanaldiak lotzeko-eta ez dut arazo handirik izan.
Eta zer izan da ibilbidean topatu duzun gauzarik ederrena?
Jendea. Bukatu izan dut emanaldia sentipen gazi-gozoarekin, eta ikusleak etorri zaizkit zeinen ondo egin dudan esatera. Esker oneko jende asko dago. Bestalde, eskerrak eman behar dizkiet Jon de Marcosi eta Iñigo Dominguezi, Ekain-Txouren emanaldiekin laguntzeagatik.
Zer behar da pailazo izateko?
Pailazo jaiotzea. Clown ikastaroetan-eta ez dut askorik sinesten. Probatu nuen, eta lau saio eginda utzi egin nuen. Uste dut pailazo jaio egin behar dela, eta, gero, ikasi eta landu. Azpeitian bertan ere asko dira pailazo jaio direnak. Askok, baina, ez dute ikasi antzerkia edo malabareak egiten, eta, gaizki bada ere, musika tresnak jotzen. Hor dago koxka; izan ere, horiek ikasiz gero, prest zaude lanerako. Nire erreferenteak horrelakoak dira, zirkoan jaiotako pailazoak.
Ekain Ibarguren sudur gorria jantzita. Nola definituko zenuke Ekain-Txou?
Adarra jotzea asko gustatzen zaio, ez daki geldirik egoten eta jendearekin jolastea atsegin du. Labur-labur, hori da Ekain-Txou.
MOTZEAN
Amets bat?
Monte-Carloko Nazioarteko Zirko Jaialdian parte hartzea.
Miresten duzun pailazo bat?
Charlie Rivel.
Zerk alaitzen dizu eguna?
Lan egiteko aukera emateak.
Eta tristetu?
Pailazo bat behar duen jendearengana ez iristeak.
Beldurrik?
Berriz ikasketei eutsi beharko diedan eguna iristeari.
Zer ematen dizute ikusleek?
Bizipoza.