Langile bat hil da istripuz Azpeitiko Glual Energy enpresan

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 25a, 13:41

12:25ak aldean izan du ezbeharra beharginak Antzibarrena industriaguneko enpresan. 50 urteko gizon azpeitiarra da hildakoa. Azpeitiko Udalak istripuaren zergatia “aztertzea eta lehenbailehen argitzea” eskatu die Osalani eta enpresari. Sindikatuek elkarretaratzea deitu dute astearterako, eta 11:00etan egingo dute Glual Energyren atarian.

Glual Energy enpresaren ataria gaur eguerdian. Langile bat hil da Azpeitiko Antzibarrena industriaguneko Glual Energy enpresan. Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri jakinarazi dionez, gizon batek ezbeharra izan du 12:25ak aldean, eta abisua jasota, Landetako enpresara bertaratu dira Ertzaintza eta larrialdi zerbitzuak. 50 urteko gizon azpeitiarra da hildakoa. Ertzaintzak ez du zehaztu zerk eragin duen lan istripua, baina hedabide honek jakin ahal izan duenez, ate batek harrapatuta hil da behargina. Ertzaintza istripuaren zergatia ikertzen ari dela adierazi du. ELA eta LAB sindikatuak salatu dute ezbeharra, eta babesa eta elkartasuna adierazi diete hildako langilearen familiari eta gertukoei. Gainera, ELAk, LABek, ESK-k, ESTEILASek, EHNEk eta HIRUk elkarretaratzea deitu dute astearterako. 11:00etan egingo dute prekarietatea eta lan istripuak salatzeko kontzentrazioa, Glual Energy enpresaren atarian. Azpeitiko Udaleko ordezkariak lantegian izan dira gertatutakoaren berri bertatik bertara izateko. Oharra ere kaleratu du udalak, eta lan istripuan hil den beharginaren familiari, lankideei eta gertukoei doluminak eman eta elkartasuna adierazi dio. "Kolpe gogorra da langileentzat eta herriarentzat gaur Azpeitian gertatutakoa", azaldu du udalak. Erakundeak gaineratu du hildakoaren gertukoei laguntza "guztia" eskainiko diola, hala behar izanez gero. Bestalde, udalak istripuaren zergatia "aztertzea eta lehenbailehen argitzea" eskatu die Osalani eta enpresari. Gainera, "oinarrizko baldintza eta lehentasun absolutu gisa", herriko enpresei "egoera guztietan langile ororen bizitza babestea" eskatu die, "gure herriarekin eta herritarrekin duten gutxieneko konpromisoak hala exijitzen duelako". Udalak esan du lan istripuen arazoa "oso larria" dela, eta gaurkoa Azpeitian denbora gutxian lan istripuak eragindako bigarren heriotza izan dela gogorarazi du. Elkar-ekin taldeak, berriz, elkartasuna helarazi die hildakoaren senideei, lagunei eta lankieei. "Tristuraz eta amorruz salatu nahi dugu uda honetan jada bi herritar hil direla lanean ari zirela, biak herriko enpresetan", azaldu du taldeak. Elkar-ekinek "nahikoa" dela esan du, eta azaldu du prekarietatearen adierazpen "ankerrena" direla laneko heriotzak. "Heriotza hauek ez dira zoriaren ondorio". Gipuzkoako Foru Aldundiak istripua salatu du, eta doluminak eman dizkie hildakoaren senitarteko eta lagunei.
Industriarako sistema hidraulikoak egiten ditu Glual Energyk. Hiru lantegi ditu Azpeitian, eta beste hainbat Espainian, AEBetan, Txinan, Indian eta Brasilen.

Hildako laugarren langilea

Urtea hasi zenetik sei lan istripu izan dira Urola Erdiko enpresetan, eta lau langile hil eta beste bi zauritu dira ezbehar horietan. Otsailaren hasieran gertatu zen urteko lehenengo lan istripua, Azkoitiko Ibarmia enpresan. Haren ondorioz, 35 urteko langile bat hil zen. Apirilaren 29an, berriz, langile bat zauritu egin zen Glual Taldeko Azpeitiko Burni enpresan, altuera batetik erori ostean. Azkoitian, urteko bigarren lan istripu larria Erlo enpresan gertatu zen, maiatzaren 3an. Makina batek 62 urteko behargina azpian harrapatu ostean, Donostiako ospitalean hil zen langilea. Maiatzaren 23an beste lan istripu bat izan zen Azpeitiko Lan Mobel enpresan. Makina batean harrapatuta gelditu zen langilea, eta kolpeak eta hausturak eragin zizkion ezbeharrak. Ospitalera eraman zuten gizonezkoa, zauri larririk gabe. Joan zen uztailaren 3an, berriz, 51 urteko azkoitiar bat hil zen Astigarraga Kit Line enpresan izandako lan istripuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide