Ehunka lagun elkartu dira gaur Azkoitiko plazan. (Julene Frantzesena)
Azkoitiko Andramari jaietako azken egunean
sexu erasoa jasan izana salatu zuen adin txikiko azpeitiar batek herenegun, eta gaur Sostenipe talde feministak jakinarazi du hilaren 15ean beste eraso bat izan zela. Ertzaintzak gaur jakinarazi duenez, jada identifikatu dute herenegun Azkoitian sexu erasoaren ustezko egilea, eta pertsona horren datuak-eta dagokion epaitegiaren esku utzi ditu. Ikerketak zabalik jarraitzen duela ere adierazi du Ertzaintzak.
Bi erasoak salatzeko, ehunka lagun elkartu dira Azkoitiko plazan. Bertan izan dira, besteak beste, Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako ordezkariak eta beste hainbat eragiletako kideak. Hainbat eragilek salatu du egunotan hilaren 19 goizaldeko erasoa, hala nola Azkoitiko nahiz Azpeitiko udalek, Piztuk, Ernaik, PSE-EEk, EH Bilduk, Haujijijai Festa Batzordeak, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Batzar Nagusiek.
Sostenipe Azkoitiko talde feministak deitutako elkarretaratzea 19:30ean hasi da,
Erasorik ez erantzunik gabe lelopean. Hamabost minutuko kontzentazio isila egin dute, eta plazan bildutako ehunka lagunen txalo zaparradak amaitu du isiltasuna. Kontzentrazioa bukatzean, Sostenipe taldeko kideek jakinarazi dute Andramari egunean, abuztuaren 15ean, beste eraso bat izan zela jakin berri dutela. Hain zuzen ere, zehaztu dute adin txikiko neska azkoitiar bat bortxatu zuela mutil azkoitiar batek, "beraien arteko botere harremana baliatuta".
Hona hemen, abuztuaren 15eko gertakariaren harira Sostenipe talde feministak kaleratu duen oharra:
"Abuztuaren 15ean Azkoitian bortxaketa bat egon zela jakin berri dugu. Adin txikiko neska azkoitiar bat bortxatu zuen mutil azkoitiar batek beraien arteko botere harremanaz baliatuta. Neskak bere anonimotasuna gordetzeko eskatu du, baina gertaera larri hau salatu nahi izan du, eta horregatik, eskerrak eman nahi dizkiogu. Horrez gain, elkartasuna eta babes osoa adierazi nahi diogu adingabeari eta bere familiari.
Guk erabakitzen dugu nola jantzi eta norekin erantzi, noiz hasi eta noiz bukatu. Norbere gorputzaren erabakia bakoitzarena delako. Nazkatuta gaude ez dugu erasorik onartuko. Asko eskatzea alda bakoitzaren erabakiak errespetatzea? Ozen diogu ez ezetz dela!"
Hona hemen, gaur arratsaldeko elkarretaratzeko irudi bilduma:
[flickr_set id="72157687804937596"]