Azkoitian sexu erasoa egin diotela salatu du adin txikiko azpeitiar batek

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 20a

Andramari jaietako azken egunean, goizaldean, jasan zuen erasoa. Ertzaintzak salaketa jarrita dagoela baieztatu du, eta ikerketa martxan duela jakinarazi. Azpeitiko Udalak gaitzetsi egin du erasoa, eta biktimarentzat eta haren familiarentzat errespetua eskatu du. Azkoitiko Udalak "ustezko biktimaren eta haren familiaren intimitatearekiko errespetu osoa" eskatu du. Sostenipe talde feministak biharko, 19:30erako, deitu du kontzentrazioa Azkoitiko plazan.

Ertzaintzak UROLA KOSTAKO HITZAri baieztatu dionez, adin txikiko batek atzo goizaldean sexu erasoa jasan zuela salatu zuen atzo, Azkoitiko Ertzain etxean. Ertzaintzak ez du informazio gehiago eman, baina ikerketa zabalik dagoela esan du. Hedabide honek jakin ahal izan duenez, azpeitiarra da erasoa jasan duen gaztea. Atzoko sexu erasoa salatzeko, elkarretaratzea izango da bihar, astelehena, Azkoitian. Sustraiak Moretzen taldeak bertan behera utzi du Azpeitirako deitu duen kontzentrazioa, eta Azkoitikoarekin bat egin dute horiek ere. Horrenbestez, 19:30ean egingo dute elkarretaratzea bihar Azkoitiko plazan, Sostenipe talde feministak deituta. Azpeitiko hainbat eragilek bat egin dute deialdi horrekin, eta 18:50ean anbulatorioaren aurrean elkartzeko deia egin die herritarrei. Ondoren, autobusez joango dira Azkoitiko elkarretaratzera, lineako zerbitzuak izango baitira 19:00etan eta 19:10ean. Azkoitiko Udalak "ustezko biktimaren eta haren familiaren intimitatearekiko errespetu osoa Azpeitiko Udalak gaitzetsi egin du Azkoitiko Andramari jaietan gertatutako eraso sexista. Biktimari, haren familiari eta ingurukoei "babes ososa" azaldu die erakundeak, eta esan du udalaren esku dauden baliabide guztiak jarri dituztela dagoeneko horien esku. Gainera, biktimarentzat eta haren gertukoentzat "errespetua" eskatu du udalak. Gainera, udalak "argi eta garbi" adierazi du ez duela "inolako erasorik onartzen eta onartuko ez hemen eta ez inon". Azkoitiko Udalak esan du atzo jaien balorazio "positiboa" egin eta ordu gutxira jakinarazi ziola Ertzaintzak sexu erasoa salatu zuela adin txikiko batek. "Ustezko biktimaren eta haren familiaren intimitatearekiko errespetu osoa" eskatu du. Javier Zubizarreta alkateak esan du "eraso matxista guztiak" salatzen eta arbuiatzen dituztela: "Erakundeok eta gizarteak garbi esaten dugu: Ez da ez!. Alabaina, erasoek jarraitu egiten dute. Guztiok bat eginda borrokatu behar dugu, guztion inplikazioa eta konpromisoa beharrezkoak dira". Udalak esan du ezin dela baimendu gabeko harremanik eman "ez Azkoitian eta ez inon, ez orain eta ez inoiz". Erakundeak esan du ezin direla biktima eta familia "oso krudela" izan daitekeen "presio mediatiko eta sozialaren azpian jarri". Gainera, udalak esan du orain arte ez duela ezer esan familiak kasua "diskrezio osoz" eraman nahi zuelako. "Errespeta dezagun hori", esan du Zubizarretak. Albistea hainbat hedabidetan argitaratu denez, biktimaren eta familiaren azalean jartzeko eskatu du Azkoitiko alkateak, "gaia ahalik eta errespetu handienarekin tratatzeko eta inork ez dezan beldurrik izan sexu askatasunaren aurkako delituak salatzeko". Horregatik, egoera ez "larriagotzeko" eskatu du Zubizarretak: "Ez gara nor ustezko biktimaren eta bere familiaren egoera larriagotzeko. Eta ez gara nor inor epaitzeko poliziak eta epaileek beren lana egin aurretik". Azkoitiko Udalak esan duenez, bere esku dauden laguntza eta baliabide guztiak eskaini dizkio biktimari, eta indarkeria matxista desagertzen denera arte lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du. Haujijijai Azpeitiko festa batzordeak ere salatu du erasoa, eta babesa agertu dio erasotua izan den emakumeari. Batzordeak azpimarratu du halako eraso sexistek ez dutela lekurik "ez gure festetan eta ez gure bizitzetan". Hori dela-eta, eraso sexistarik, homofoborik, arrazistarik edo xenofoborik izan ez dadin lanean jarraituko duela azpimarratu du batzordeak. "Aske bizi, sentitu eta gozatu nahi dugulako, gure gorputzak gureak direlako", aldarrikatu du Haujijijaik. Azkoitiko EH Bilduk erasoaren salaketa dela-eta, oharra kaleratu du. Koalizioak "babes eta elkartasun osoa" agertu dio erasoa jasan duen emakume gazteari, haren familiari eta gertukoei. EH Bilduren arabera, erasoa ezin da ulertu "zerbait isolatua" bezala. "Azkoitikoa ez da salbuespen bat, sistema patriarkal oso bateko izerbegaren punta edo eraso agerikoena dela esan dezakegu". Koalizioak dio "asko" izan ohi direla festa giroaz baliatuta egiten diren mota guztietako erasoak, eta instituzioetan lan egiten dutenen ardura da horiei aurre egitea "gizarte osoarekin batera". EH Bilduk azaldu du, festak hasi aurretik esan ziola udalari urte osoan egin behar dela prebentzio eta sentsibilizazio lan sakona gizarte eragileekin eta talde feministarekin elkarlanean, "horrelako gertakizunak sustraietatik ebakitzeko eta honekin behin betiko amaitzeko". Azkoitiko eta Azpeitiko Ernaik ere salatu dute erasoa, eta biktimari babesa erakutsi diote bi herrietako gazte antolakundeek. Azkoitiko Ernaik, gainera, izan duten "ausardiagatik" eskerrak eman dizkie festetan erasoen biktima izan diren emakumeei. Ernaiko kideek esan dute Azkoitikoa ez dela kasu isolatua, eta jaiak, kaleak eta gorputzak norberarenak direla aldarrikatu dute. "Ausardiaz, hortzak erakutsiz, autodefentsaz, antolatuz... lortuko dugu sistema honekin bukatzea", aldarrikatu dute. Ernaiko kideek gaurko elkarretaratzearekin bat egin dute, eta herritarrei bertan parte hartzeko deia egin diete. PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak ere arbuiatu egin du Andramari jaietan izandako erasoa. Hark Ertzaintzari eskatu dio kasua berehala argitu dezala, eta biktimari eta haren gertukoei babesa eskaini die. Igoak gaineratu du Azkoitiak leku segurua eta eraso sexistarik gabea izan behar duela. Gipuzkoako Foru Aldundiak ere salatu du erasoa, hain zuzen ere, Imanol Lasa diputatuak agerraldia egin zuen atzo. "Emakumeen kontrako erasoen aurrean gaitzespen osoa agertzen dugu beste behin ere", esan du zuen Lasak. Gipuzkoako Batzar Nagusiek ere oharra kaleratu dute gertaera arbuiatzeko. Jaiak hasi aurretik, eraso sexistarik gabeko Andramari jaiak aldarrikatu zituzten Azkoitiko Udaleko ordezkariek. Agerraldia egin zuten alderdi guztietako ordezkariek, eta festetako hiru egunetan stand bat jarri dute plazan, eraso sexistak prebenitzeko eta herritarrak sentsibilizatzeko.

Ez da lehena

Atzo goizaldean Azkoitian jazotako sexu erasoa ez da Urola eskualdean azken hilabeteetan izan den bakarra. Izan ere, Zarautzen eta Getarian izan dira erasoak azken hilabeteotan. Joan zen abuztuaren 7an sexu erasoa izan zen Getarian ere, eta 31 urteko gizon bat atxilotu zuen Ertzaintzak. Getariako Udalak, Facebook kontuaren bidez, babesa eta elkartasuna adierazi dizkie erasoa jasan duen neskari eta haren gertukoei. Bestalde, ekainaren bukaera eta uztailaren hasiera bitartean, hamar egunetan, bi sexu eraso izan ziren Zarautzen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide