Jon Guridik eta Igor Zubeldiak ez dute denboraldia gaur hasiko

Urola Kostako Hitza 2017ko abuztuaren 19a

Realaren lehen taldeko futbolariak dira azpeitiarra eta azkoitiarra, baina lesioak tarteko ez dira Vigora joan. Guridiri belauneko ebakuntza egin zioten joan den apirilean eta errekuperatzen ari da. Aldiz, Zubeldiak arazo muskularrak ditu koadrizepsean.

Jon Guridi, ezkerretik aurrena, eta Igor Zubeldia, eskuinetik bigarrena, Zubietan. (Reala) Atzo hasi zen Espainiako Lehen Mailako futbol denboraldia, eta gaur jokatuko du Realak sasoi berriko lehen partida. Realeko jokalariek Celtaren aurka neurtuko dituzte indarrak gaur, zapatua, Vigon, 18:15ean. Realak dagoeneko osatu du lehen taldea, eta denboraldi honetan bertan ariko dira Jon Guridi (Azpeitia, 1995) eta Igor Zubeldia (Azkoitia, 1997). Denboraldi-aurrea Realarekin egin dute bi futbolariek, baina lesioak tarteko ez dira Eusebio Sacristanek ez ditu Vigora joateko zerrendan sartu. Guridiri joan den apirilarean eskuineko belaundean ebakuntza egin zioten, eta errekuperazio prozesuan dabil murgilduta buru-belarri. Ebakuntza egin ziotenean esan zuten, gutxienez, bost hilabete egon beharko zuela futbolean jokatu gabe. Epe horren arabera, irailean itzuliko da futbol zelaietara. Zubeldiak, berriz, aurre-denboraldian koadrizepseko lesioa izan du, eta hura ere gihar arazoa zaintzen ari da. Azpeitiarrak 2016ko martxoaren 18an egin zuen Realaren lehen taldearekin debuta Alavesen aurkako derbian, Gasteizko Mendizorrotza futbol zelaian. Aldiz, Zubeldiak iazko maiatzaren 13an jokatu zituzten Realarekin lehen minutuak. Hain zuzen ere, Valentziaren kontra jokatu zuen Mestalla futbol zelaian. Orduz geroztik, hainbat minutu jokatu ditu azkoitiarrak lehen taldearekin. Guridi eta Zubeldia dira aurten Realarekin ariko diren eskualdeko bi jokalariak; izan ere, Yuri Berchiche zarauztarra Frantziako PSG taldera joan zen uztailaren hasieran, eta talde horrekin jokatuko du denboraldi honetan. Bestalde, joan zen denboraldian aritutako gisan, Realaren talde teknikoan ariko da Mikel Labaka azpeitiarra denboraldi honetan ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide