Iker Belintxon eta Maider Aginaga lezotarrak nagusi Azkoitiko Gazteen Dantza Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2017ko abu. 18a, 10:49

Hamabi bikotek parte hartu zuten atzo Balda plazan egin zen txapelketan. Bigarren Iker Sarasua azkoitiarrak eta Enara Arrizabalagak egin zuten, eta Eneko Sarasua azkoitiarrak eta June Elorzak hirugarren.

Iker Belintxon eta Maider Aginaga nagusitu ziren atzoko txapelketan. (Julene Frantzesena) Atzo, Baserritarren eguna, arratsaldean, Gazteen Dantza Txapelketa izan zen Balda plazan. Hamabi bikotek parte hartu zuten lehian: German Aranburu eta Elaia Elorza azpeitiarrak; Eneko Sarasua azkoitiarra eta June Elorza azpeitiarra; Iker Zabala eta Nora Aizpuru azpeitiarrak; Eki Aizpuru eta Aiora Etxeberria azpeitiarrak; Iker Sarasua azkoitiarra eta Enara Arrizabalaga azpeitiarra; Aner Kerejeta eta Nagore Kerejeta azpeitiarrak; Unax Labaka eta Ekiñe Uzkudun errezildarrak; Endika Osa eta Olatz Azkue lezotarrak; Paul Muñoz lezotarra eta Danele Atxukarro hondarribiarra; Iker Belintxon eta Maider Aginaga lezotarrak; Gorka Granado eta Irati Lopez sopelarrak; eta Urko Puy pasaiarra eta Ane Jaunarena lezotarra. 18:00etan hasi zen txapelketa. Aurrena bikote guztiak aurkeztu zituzten, eta ondoren hasi ziren dantzan bikoteak. Fandangoa eta arin-arina egin zituzten bikote guztiek, txandaka, Txalkor txistulari taldeko kideek lagunduta. Epaimahaiak berehala hartu zuen erabakia, eta haren aburuz Lezoko Iker Belintxon eta Maider Aginaga izan ziren onenak. Horiek 170 euro, txapela eta zapia eskuratu zituzten. Bigarren Iker Sarasua azkoitiarrak eta Enara Arrizabalaga azpeitiarrak egin zuten, eta horiek 150 euro nahiz oroigarria jaso zituzten. Hirugarren, berriz, Eneko Sarasua azkoitiarra eta June Elorza azpeitiarra sailkatu ziren. Bikote horrek 140 euro eta oroigarria jaso zituzten. Bi urtez behin egiten dituzte gazteen eta helduen txapelketak, eta atzo gazteena jokatu zenez, datorren urteko Andramari jaietan helduen txanda izango da. Hona hemen, atzoko Dantza Txapelketako argazki bilduma:
[flickr_set id="72157687758916395"] Andramari bezperako irudien bilduma honako lotura honetan ikus daiteke, eta beste honetan, berriz, Andramari egunekoena. Aldiz, San Roke eguneko argazki bilduma honako lotura honetan dago ikusgai, eta honako honetan Baserritarren egunekoa. Hona hemen, datozen orduetako eta egunetako egitaraua: BIHAR, ABUZTUAK 18 – 11:00: Atletismo saioa, Balda plazan. Ondoren, XVI. Andramaixetako Milia, Xeye atletismo taldeak antolatuta. – 14:30: Bazkari herrikoia, plazan. – 16:30: Manifestazio feminista. – 17:30: Herriko kaleetan Brincadeira batukada taldea. – 17:30: Balda plazan, Apar festa. – 18:00: Sua taldearen erromeria karpagunean. – 18:30: Plaza Berrin zezenak. – 22:00: 9. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan. – 22:00etan, Herriko plazan Trikizio taldearekin dantzaldia. – 23:00: Piztu taldearen ekitaldia karpagunean. – 00:30: Kop eta The Guilty Brigade taldeen kontzertuak karpagunean. ABUZTUAK 19, LARUNBATA – 22:00: 9. DIVA – SAT Idi dema saria, herriko probalekuan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide