Txupinazoarekin, azpeitiarrak murgildu dira festa arroxan

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 30a

Eguerdiko hamabietarako jendez lepo zegoen plaza. Herriko dantza talde eta eskoletako kideek bota dute txupinazoa, eta herritarren txalo artean hasi dira San Inazio festak. Abuztuaren 2a bitartean izango da zer gozatu herrian.

Txupinazo garaian plaza jendez leporaino egon da. (Julene Frantzesena) Santioetako beroketaren ostean, iritsi dira San Inazio jaiak Azpeitira. Eguerdiko hamabietarako plaza jendez lepo zegoen, saninazioei hasiera eman dien txupinazoa botatzeko zain baitziren herritarrak. Herriko dantza taldeetako eta eskoletako ordezkariak igo dira udaletxera, eta Eneko Etxeberria alkatearekin eta zinegotziekin batera bota dute horiek festei hasiera eman dien suziria. Etxeberriak esker hitzak izan ditu herritar guztientzat, eta festak ondo pasatzeko deia egin du eraso sexisten aurka egitearekin batera. Ordurako plaza arroxa kolorea hartuta zen, eta Udal Musika Bandak lagunduta, hainbat herritarrek Marea Arroxaren abestia kantatu dute kioskotik. Ondoren hasi da bandaren eta buruhandien kalejira, eta haien atzetik atera da plazatik Marea Arroxaren kalejiran parte hartu duten dozenaka trikitilari. San Martin egoitzaren parean elkartu dira Marea Arroxa eta banda, eta egoiliarrei hainbat dantza eskaini dizkiete. Gero, kalez kale ibili dira batzuk zein besteak, Alde Zaharreko kaleak leporaino beteta zirela. Herri bazkarian ehunka lagun izan dira plazan, eta, ondoren, jolasak egin dituzte txosnagunean. Ondoren, zezen txikiak izan dira Frontoi Txikian horretarako egokitutako gunean. Eta zezen feriako bigarren hitzordua izan da, 18:30ean hasita. Gero, txarangaren emanaldia eta kontzertuak ere izango dira. Festak ez du etenik izango abuztuaren 2a bitartean. Izan ere, herri bazkaria, karpagunean jolasak, zezen txikiekin jolasak, zezenketak, kontzertuak eta abar izango dira San Inazio bezperan. Baina jaiek segida izango dute bihar eta etzi ere. Hona hemen, gaurko, San Inazio bezperako, argazkiak: [flickr_set id="72157686854087696"] Hona hemen datozen egunetarako egitaraua: Uztailak 30, igandea. San Inazio bezpera 19:00-22:30. Gau Erdi txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda. 19:30-21:30. Rock Kalean ikuskizuna, kaleetan zehar. 22:00. Trini Fox, txosnagunean. 23:00. Su festa: Pirotecnia Zaragozana (Zaragoza) etxearekin. 23:30. Vendetta, plazan. Fan & Go, Olazko Amaren plazan. 01:00. Erokomeri, txosnetan. Uztailak 31, astelehena. San inazio eguna 09:00. Goiz eresia. 10:10. Udal ordezkariak korporazioan parrokiara. 10:30. Prozesioa. 11:00. Soreasuko Sebastian Donearen parrokian meza, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek kantatuko dute. Mikel Arenas izango da organo-jotzailea eta Javier Alberdi zuzendaria. 12:00. Urolatarrak txaranga. 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera. 13:00. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, Sanagustinen. 13:30. Txomingeroen poteoa, plazatik abiatuta. 15:00. Txomingero bazkaria Erdikalean. 16:00. Gaztetxoentzat parkea, plazan. 17:30. Elektrotxarangaren eskutik kalejira. Eta Oinatz elkarte animalistaren kontzentrazioa, zezen plaza aurrean. 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz Taldeak antolatuta. 18:30. Zezenketa. 19:00. Oria txaranga kaleetan, eta zezenketen ondoren kalejira. 22:00. Autobus Magikoaren kontzertua, txosnagunean. 22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 1. partida: Jon Alberdi-Andoni Aretxabaleta/Elordi-Merino I. 2. partida: Altuna III-Rezusta/Bengoetxea VIII-Albisu. 23:00. Su festa, Caballer (Valencia) etxearen eskutik. Eta Ernairen ekitaldia, txosnetan. 23:30. Huntza eta Patxuko, plazan. Luhartzekin erromeria, Olazko Amaren plazan. 01:00. El Quinto Con Tenedor taldea txosnagunean. 02:30. DJ Bull txosnagunean. Abuztuak 1, asteartea. San Inazio bigarrena 09:00. Goiz eresia. 10:00. Elkarretaratzea, Loiolan. 10:15. Herriko agintariek ongietorria egingo diete udaletxe aurrean Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko kideei. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako basilikara. 11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Jose Luis Frantsesena organo-jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta. Eta, X. Bakailao Txapelketa, plazan. Bitartean, hamaiketakoa. 12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera. 15:00. Bertso bazkaria, Azoka Plazan. Bertsolariak: Maialen Akizu, Maider Arregi, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi. 16:30. Mus Txapelketa, Sanagustinen. (16:00etan izen-ematea) 17:30. Go!azen dantzatu eta abestera, Perez Arregin. 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz taldeak antolatuta. 18:30. Ekain Txou eta lagunak emanaldia, plazan. Emakumeen eskuzko pilota partidak, Frontoi Txikian. Lehen partida: Maddi Unanue-Naroa Agirre / Maialen Ganzarain-Oihana Orbegozo. Bigarrengo bertso pilota partida: Eneritz Arrieta-Oihana Unanue / Patri Espinar-Alaitz Badiola. Bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Oihane Perea. 19:00-20:30. Kolpez Blai perkusio taldea, kaleetan zehar. 19:00. Emakumeok Plazara ekitaldia eta kontzertu sorpresa plazan. 22:00. Passepartout, txosnetan. 23:00. Ekitaldi feminista, txosnetan. 23:30. Gatibu, plazan. 01:00. Egurra ta kitto, txosnetan. 01:00-03:00. DJ festa Olazko Andre Mariaren plazan. 02:30. DJ Komando Klitorixen kontzertua txosnagunean. Abuztuak 2, asteazkena 06:00. Incansables txaranga. 07:30. Bigantxak Done Jakuen. 08:00. Gosaria. 08:30. Zumba, plazan. 09:00. Suzirien eta danbatekoen bidez 2017ko jaien amaiera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide