Saninazioek dantzan jarriko dute Azpeitia

Ainitze Agirrezabala 2017ko uztailaren 28a

Abuztuaren 2ra artean, Azpeitian ez du etenik izango festak. Herriko dantza taldeak arduratuko dira jaiei hasiera emateaz, etzi botako duten txupinazoarekin

Azpeitiko eta Hazparneko Kantu Jirakoak eta marea Arroxako kideak, Santio egunean. (Argazkia: Maialen Etxaniz). Joan den asteburuko eta Santio eguneko bestondoari dagoeneko buelta emanda, festa giroak ez du etenik Azpeitian. Herriko hainbat eragilek era askotako ekitaldiak antolatu dituzte, eta ekitaldiz bete-beteak datoz saninazioak. Santioak sagardoaren eta baserritarren bueltan igaro ostean, datozen egunetan hamaika ekitaldiz gozatzeko parada izango dute txikienek, gazteek, helduek zein adinekoek. Kirola, kultura, eta gastronomia ardatz, hasi goiz eresiarekin eta goizaldeko ordu txikietan txosnagunean, plazan zein Olazko Amaren plazan belarrien gozagarri eskainiko dituzten kontzertuetako bozgorailuak itzali arte, zer ikusia, zer entzuna eta zer dastatu izango da Azpeitian. Aurtengoan, dantza taldeei egindako lana aitortzeko parada eskaini nahi izan die udalak, eta, beraz, herriko dantza taldeetako ordezkariek botako dute etzi, San Inazio festak hasteko txupinazoa. Aurten, Itsasi Dantza Taldeak 40 urte bete ditu sortu zela, eta urteurren horren harira botako dute suziria. Haiekin batera izango dira udaletxeko balkoian Beltza Dantza Eskolan euskal dantzak irakasteaz arduratzen den Luis Alberdi; areto dantzen maisua eta irakaslea den Jose Mari Orbegozo, Angel Oiarzabal urrestildarrak gidatzen duen AGL Dantza taldeko kideak eta Sahatsa dantza taldekoak. Jaietan, errespetuz Festak ondo pasatzeko diren arren, jaietan kezka bat ere izaten dutela adierazi du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Zentzu horretan, Etxeberriaren esanetan, "errespetuaren bidea jarraitu behar da", eta herritarrei "esfortzua" egitea eskatu die, eraso sexistak "saihesteko". Beraz, ondo pasatu festak, pasatu gabe! Autobus zerbitzu bereziak Festak direla eta, etzitik asteartera, autobus zerbitzu bereziak izango dira Azkoitira eta Kosta aldera itzultzeko. Azkoitira: 00:10ean, 01:40an, 02:40an, 03:40an, 04:40an, 05:40an eta 06:40an. Anbulatorioko geltokitik irtengo dira autobus guztiak. Zestoara: 00:30ean, 01:10ean, 02:30ean, 03:10ean, 04:30ean eta 05:10ean. Uztailaren 30ean 06:30ean ere bai. Zumaiara: 00:30ean, 02:30ean eta 04:30an. Uztailaren 30ean 06:30ean ere bai. Getariara eta Zarautzera: 02:30ean eta 04:30ean. Abuztuaren 4a arte Julian Elorza hiribideko eta Tren Museo aurreko geltokiak kenduko dituzte, eta Enparangainen jarriko dituzte ordezkoak. Hona hemen Saninazioetako egitaraua: Gaur, ostirala 22:00. Hiru lore beltz, Sanagustin kulturgunean. Bihar, larunbata 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. 18:30. Zezenketa. 19:00. Los Pasai txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda. 23:00. Kresala taldea, plazan. Etzi, igandea. San Inazio bezpera 11:00. Hamaiketakoa, plazan. 12:00. Txupinazoa. Ondoren, Musika Bandaren, Izarraitz txistulari taldearen, Eltziegoko gaiteroen eta erraldoien eta buruhandien kalejira. 12:05. Marea Arroxarekin eta trikitilariekin euskal dantzen kalejira. 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. 15:00. Herri bazkaria, plazan. 17:00. Txosnen irekiera eta jolasak. 18:00-19:30. Bigantxak 16 urtetik gorakoentzat. Ondoren, zezen txikiak Done Jakuen. Ganadutegia: Lopene. 18:30. Kalejira musikatua txosnagunetik abiatuta. Zezenketa. 19:00. Meza eta bederatziurrena, Loiolako Basilikan. 19:00-22:30. Gau Erdi txarangaren kalejira, zezen plazatik irtenda. 19:30-21:30. Rock Kalean ikuskizuna, kaleetan zehar. 22:00. Trini Fox, txosnagunean. 23:00. Su festa: Pirotecnia Zaragozana (Zaragoza) etxearekin. 23:30. Vendetta, plazan. Fan & Go, Olazko Amaren plazan. 01:00. Erokomeri, txosnetan. Uztailak 31, astelehena. San inazio eguna 09:00. Goiz eresia. 10:10. Udal ordezkariak korporazioan parrokiara. 10:30. Prozesioa. 11:00. Soreasuko Sebastian Donearen parrokian meza, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako eta Julian Barrenetxea abesbatzek kantatuko dute. Mikel Arenas izango da organo-jotzailea eta Javier Alberdi zuzendaria. 12:00. Urolatarrak txaranga. 12:30. Arratsaldean toreatuko dituzten zezenen aukeraketa. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera. 13:00. Azpeitiko Musika Bandaren kontzertua, Sanagustinen. 13:30. Txomingeroen poteoa, plazatik abiatuta. 15:00. Txomingero bazkaria Erdikalean. 16:00. Gaztetxoentzat parkea, plazan. 17:30. Elektrotxarangaren eskutik kalejira. Eta Oinatz elkarte animalistaren kontzentrazioa, zezen plaza aurrean. 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz Taldeak antolatuta. 18:30. Zezenketa. 19:00. Oria txaranga kaleetan, eta zezenketen ondoren kalejira. 22:00. Autobus Magikoaren kontzertua, txosnagunean. 22:30. Eskuzko pilota partida profesionalak, Izarraitz pilotalekuan. 1. partida: Jon Alberdi-Andoni Aretxabaleta/Elordi-Merino I. 2. partida: Altuna III-Rezusta/Bengoetxea VIII-Albisu. 23:00. Su festa, Caballer (Valencia) etxearen eskutik. Eta Ernairen ekitaldia, txosnetan. 23:30. Huntza eta Patxuko, plazan. Luhartzekin erromeria, Olazko Amaren plazan. 01:00. El Quinto Con Tenedor taldea txosnagunean. 02:30. DJ Bull txosnagunean. Abuztuak 1, asteartea. San Inazio bigarrena 09:00. Goiz eresia. 10:00. Elkarretaratzea, Loiolan. 10:15. Herriko agintariek ongietorria egingo diete udaletxe aurrean Eusko Jaurlaritzako eta Foru Aldundiko kideei. Ondoren, korporazioan joango dira Loiolako basilikara. 11:00. Meza nagusia Loiolako basilikan, Donostiako gotzain Jose Ignacio Munillarekin. Parrokiako abesbatzak eta Julian Barrenetxea abesbatzak abestuko dute, Jose Luis Frantsesena organo-jotzaileak lagunduta eta Javier Alberdik gidatuta. Eta, X. Bakailao Txapelketa, plazan. Bitartean, hamaiketakoa. 12:30. Entzierro txikia, Elizkaletik Done Jakuera. 15:00. Bertso bazkaria, Azoka Plazan. Bertsolariak: Maialen Akizu, Maider Arregi, Jon Gurrutxaga eta Aitor Salegi. 16:30. Mus Txapelketa, Sanagustinen. (16:00etan izen-ematea) 17:30. Go!azen dantzatu eta abestera, Perez Arregin. 18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean, Zezen Beltz taldeak antolatuta. 18:30. Ekain Txou eta lagunak emanaldia, plazan. Emakumeen eskuzko pilota partidak, Frontoi Txikian. Lehen partida: Maddi Unanue-Naroa Agirre / Maialen Ganzarain-Oihana Orbegozo. Bigarrengo bertso pilota partida: Eneritz Arrieta-Oihana Unanue / Patri Espinar-Alaitz Badiola. Bertsolariak: Iratxe Ibarra eta Oihane Perea. 19:00-20:30. Kolpez Blai perkusio taldea, kaleetan zehar. 19:00. Emakumeok Plazara ekitaldia eta kontzertu sorpresa plazan. 22:00. Passepartout, txosnetan. 23:00. Ekitaldi feminista, txosnetan. 23:30. Gatibu, plazan. 01:00. Egurra ta kitto, txosnetan. 01:00-03:00. DJ festa Olazko Andre Mariaren plazan. 02:30. DJ Komando Klitorixen kontzertua txosnagunean. Abuztuak 2, asteazkena 06:00. Incansables txaranga. 07:30. Bigantxak Done Jakuen. 08:00. Gosaria. 08:30. Zumba, plazan. 09:00. Suzirien eta danbatekoen bidez 2017ko jaien amaiera.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide