Elurretan zimeldu ziren hiru lore beltzei keinua

Julene Frantzesena 2017ko uzt. 28a, 10:34

Herriko hainbat eragilek eta sortzailek ‘Hiru lore beltz’ emanaldia eskainiko dute gaur, 22:00etan, Sanagustinen. 1973an Ezpeletan hil ziren hiru migratzaileren historia da ikuskizunaren ardatza.

Emanaldia osatzen aritu diren lantaldeko kideak. (Julene Frantzesena) Ezpeletan, Lapurdin. Hango mendi elurtuetan. 1973a zen. Migratzaileak ziren, Senegalekoak. Trafikatzaileek abandonatu zituzten. Eta hotzez, bakardadez, gosez hil ziren, mendian. Hiru gizon beltz elurrak utzitako paisaia zurian zendu ziren. Gertakari hura gai hartuta, Mendian galdu direnei bertso sorta osatu zuen Fernando Aire Xalbador-ek. Eta bertso haien hezurduran oinarrituta Hiru lore beltz emanaldia prestatu dute gaurko Elkar-ekinek, Dinamoak eta sortzaile hainbatek. Hain zuzen ere, hamar bertsotako sortatik zortzi aukeratu dituzte, eta horiek izango dira ikuskizunaren ardatza. Ekitaldia ontzen aritu diren kideetako batzuk dira Eneritz Arzallus (Errezil, 1991), Juan Azpillaga (Zarautz, 1958), Lierni Varela (Azpeitia, 1993), Felipe Murillo (Azpeitia, 1987), Izaro Zinkunegi (Errezil, 1992) eta Xanti Agirrezabala (Azpeitia, 1997). Duela bi urte, hainbat herritarrek urte sasoi honetarako egin zuten Makina zoriontsuak. Uda gau bat fabrikan emanaldia du aurrekari proiektuak. Zinkunegik dioenez, "gai sozial bat jorratzen zuen kultur ekitaldi bat" sortzeko proposamena jaso zuten, eta ideia horrekin hasi ziren lanean joan zen otsailean. "Sei-zortzi lagun hasi ginen biltzen. Gaia erabakitzen aritu ginen, eta Jose Luis Otamendik proposatu zuen Xalbadorren bertsoetan oinarritutako ikuskizuna egitea. Gustatu egin zitzaigun iradokizuna, eta haren gainean hasi ginen hezurdura osatzen". Azpillagak dio "klabea" izan zela proposamena egitean buruan sortu zitzaien ideia: "Hiru pertsona beltz elurretan. Kontraste hori izugarria da, irudia oso-oso indartsua da. Eta kontraste hori izan zen ekitaldiaren nondik norakoa markatu zuen ardatza". Sortzaileek diote gaurkotasunetik baduela gaiak. "Hamar bertsoko sortan aipatzen diren gauza asko, hamarkada mordo bat pasatu arren, oso presente daude gaur egun ere. Migrazioaren gaia pil-pilean dago orain, eta kezka horretatik abiatu gara ikuskizuna sortzerakoan". Bi helburu ditu emanaldiak: batetik, sormen lan kolektiboa gauzatzea; eta, bestetik, sentsibilizazioan eragitea. Zinkunegiren arabera, ikuskizunean "etengabe" bilatzen dute jendeari zer pentsatua sortzea, eta hark dio aldarrikapenak ere baduela tartea. "Umoretik ere badu ikusizunak, eta horrek barru buelta arraro bat sortu digu; izan ere, gai horrekin umorea egin daitekeen edo ez eztabaidatu izan dugu". Sormen lan kolektiboa Hemeretzi sortzailek parte hartuko dute gaurko emanaldian, baina 30 bat herritar aritu dira lanean. Hiru lore beltzen hainbat kultur diziplina uztartuko dituzte, hala nola bertsoa, poesia, musika, antzerkia, dantza eta irudia. Sormen lan kolektiboa izan dela azpimarratu dute hilabeteotan ikuskizuna ontzen aritu direnek, baina lantalde txikietan aritu dira ekitaldia muntatzen. "Azpimarratzekoa da nola egin den lana; izan ere, bilera guztietan gauza berriak atera dira, eta inoiz ez dugu atzera egin. Talde lan izugarria izan da, ikaragarria da hainbeste lagun desberdin elkartzea", azaldu du Azpillagak. Emanaldiaren xedea "kontzientzietan eragitea" denez, umore ukitua ere erantsi diote saioari. "Eztabaidak izan ditugu parodien kontuarekin, baina aurrera egitea erabaki genuen, barre eginarazten dutelako zati horiek, baina barre hori deserosoa da". Umorea ardatz duten bi iragarki sortu dituzte, eta horiek antzezteaz eta grabatzeaz arduratu dira Agirrezabala eta Arzallus, hurrenez hurren. Aktoreak dio "zaila" dela umorea egitea, eta are zailagoa halako gai batekin. "Pintzekin hartu dugu gaia, mugekin egin dugu lan". Arzallusek dio "beldurrez" aritu zirela bideoak egiten, baina ikus-entzunezko zatiak bukatu eta ikustean, "gustura" gelditu direla. "Gero zer efektu izango duen lehen aldiz ikusten dituen pertsonarengan... Emanaldiaren testuinguruan ikusi beharreko bideoak dira". Musikaz arduratu den lantaldeko kidea da Murillo, eta hark azaldu duenez, garai bateko kantak gaur egunera moldatu dituzte. "Soka laukote batekin Juan Manuel Serraten Mediterraneo abestiaren moldaketa taularatuko dugu, eta pianoz lagunduta beste kanta batzuk ere bai...  Oinarrian garai bateko bertsoak izanda kontrastea egin nahi genuen". Hiru dantzarik ere parte hartuko dute emanaldian, eta horietako bat da Varela. "Hiru senegaldar hil ziren Ezpeletan, eta gu hiru dantzari izango gara. Hiru senegaldarren egoera bat islatuko dugu koreografia bidez. Gorputz adierazpenaren bidez, sentimentuekin jokatuko dugu". Bestalde, Nekane Zinkunegik eta Aritz Arzallusek zirikatzaile lanak egingo dituzte, eta Xabi Bordak idatzitako poemek ere izango dute tartea. Gaur taularatuko dute Hiru lore beltz lehen aldiz, eta ez dute beste emanaldirik aurreikusten momentuz. Hori bai, lantaldeko kideek diote "ederra" litzatekeela Ezpeletan edo Xalbadorren herrian, Urepelen, taularatzea. Halere, Ezpeletatik 68 bat kilometrora egingo dute gaur ikuskizuna. Eta duela 44 urte elurretan zimeldu ziren hiru afrikarrei keinu egingo diete, distantziak laburtuz, oroimenera ekarriz. Agian, negu hotzean, mendiak zuri direla, Ezpeletan egingo diete keinu tapaki zuritan, hotzez zimeldu ziren hiru lore beltzei.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide