Baserritarren egun jendetsua ari dira ospatzen Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 25a

Hernaniko Otsua-Enea sagardoa izan da aurtengo Sagardo Txapelketaren irabazlea. Gazta Lehiaketako sari nagusia, berriz, Ricardo Remiro Agirrek eraman du. Arratsaldean jarraituko du festak.

Baserritarren eguna da gaur, uztailak 25, eta festa giroak hartu du Azpeitia. Goizean goizetik hasi dira gaurko prestatuta zituzten ekitaldiak, eta kalera irteten aurrenak Urolakoen Napar Zuzterrak Taldeko kideak izan dira. Perez Arregi plazan elkartu dira 10:30 aldera, eta 11:00etan abiatu dira plazara, kalejiran. Bertan, nafar banderari gorazarre egin diote dantza, bertso, musika eta aldarri artean. Besteak beste, gogoan izan dituzte ekitaldian Altsasun atxilotutako gazteak eta Kataluniako independentzia prozesua. Eguerdi partea iritsi denerako, prest zuten mota ezberdinetako ganaduen erakusketa. Urtero bezala haur, gazte zein heldu hurbildu da haiek ikustera. Aldi berean, XLV. Sagardo Txapelketak hartu du plaza, eta 23 sagardo dastatzeko aukera izan dute bertaratu direnek. Hernaniko Otsua-Enea sagardoa izan da aurtengo irabazlea, 142 punturekin. Bigarren postuan, berriz, Asteasuko Sarasola sailkatu da, 138 punturekin, eta hirugarrenean, Andoaingo Gaztañaga, 136 punturekin. Aurten, ez da txapelketa herrikoia egin, sari nagusiak bakarrik banatu baitituzte. Horrez gain, txapelketaren 45. urteurrena dela eta, garaikur bereziak banatu dituzte, Mikel Sanjuan azpeitiarrak egindakoak. Sagardo lehiaketaren batera, XIX. Gazta Lehiaketa ere egin dute Azoka Plaza berrituan. Ricardo Remiro Agirre eulatearrak eskuratu du aurtengo sari nagusia, 300 euro eta garaikurra, hain zuzen. Bigarren saria, berriz, Mausitxak jaso du, Elgoibarko Jesus Ansolak egindako gaztak. Hark 200 euro eta garaikurra jaso ditu. Hirugarren saria Araiara joan da; hain zuzen ere, Aixtra gaztaren egileak 150 euro eta garaikurra eraman ditu. Bi txapelketak jokatzen ari ziren bitartean, txekor errea eta parrillan egindako hegaluzea dastatzeko aukera izan da, eta leporaino bete da Azpeitiko plaza. Amets Arzallus, Beñat Lizaso eta Sebastian Lizaso bertsotan aritu dira, eta Laja (aita-semeak), Lutxurdio eta Berastegi trikitilariek beren doinu eta kantuez alaitu dute Santio eguna. XXXIII. Cesar Valverde Txapelketa Pilotak ere izan du lekurik gaurko egunean zehar. Izan ere, Cesar Valverderen oroimenezko pilota txapelketaren finalak jokatu dituzte Frontoi Txikian, Ilunpe Pilota Elkarteak antolatuta. Aurten, lehen aldiz ez da bertan izan Valverde zenaren emazte Pilar Peña, eta gogoan izan dute sari banaketaren unean. Irene Valverde alabak banatu ditu sariak haren ordez. Hemen bakarkako eta binakako partidetako emaitzak:
  • Aurre-benjaminak, banaka: txapelduna, Julen Larramendi; azpitxapelduna, Iñaki Kerejeta.
  • Aurre-benjaminak, binaka: txapeldunak, Ioritz Arzuaga eta Eneko Bidezabal; azpitxapeldunak, Julen Urrestilla eta Aimar Elosegi.
  • Benjaminak, banaka: txapelduna, Ugaitz Aranguren; azpitxapelduna, Aner Aranguren.
  • Benjaminak, binaka: txapeldunak, Eritz Etxeberria eta Ekain Azkue; azpitxapeldunak, Xuban Ibarguren eta Iñigo Sarasua.
  • Alebinak, binaka: txapeldunak; Aner Lizaso eta Hodei Gurrutxaga; azpitxapeldunak, Aratz Azkue eta Enaitz Alberdi.
  • Alebinak, banaka: txapelduna, Eneko Odriozola; azpitxapelduna, Iker Otaegi.
  • Infantilak: txapeldunak, Ibai Olaizola eta Iosu Labaka; azpitxapeldunak, Aimar Egiguren eta Oier Alonso.
Festak aurrera darrai Arratsaldean jarraituko du jai giroak herrian. 18:00etan hasita, kantu poteo arroxa egingo dute kaleetan barrena, eta 18:30ean errekortarien ikuskizuna izango da zezen plazan. Horiek amaitzean, Jainekin txarangak alaituko ditu kaleak. Hona hemen gaur hartutako irudiak: [flickr_set id="72157683416774802"]

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide