Saninazioetako esku pilota jaialdiak aurkeztu dituzte

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 18a

Uztailaren 31n gizonezkoena jokatuko da, Izarraitz pilotalekuan, eta Jon Alberdi azpeitiarra profesionalekin batera ariko da. Abuztuaren 1ean, berriz, emakumeek jokatuko dute Frontoi Txikian, bailarako hainbat jokalariren parte hartzearekin.

Pilotariak eta antolatzaileak, 2017ko saninazioetako pilota jaialdien kartelekin. (Azpeitiko Udala) Azpeitiko Udalak eta Ilunpe Pilota Elkarteak aurkeztu dituzte datozen San Inazio festetako esku-pilota jaialdiak. Bi hitzordu izango dituzte aurten pilotazaleek Azpeitiko festetan: uztailaren 31n Izarraitz pilotalekuan gizonezko profesionalen jaialdia izango da, eta abuztuaren 1ean emakumeena, Frontoi Txikian. Bi jaialdietan izango da Azpeitiko eta eskualdeko pilotariak ikusteko aukera. Ilunpek antolatu du, Udalaren babesarekin, San Inazio egunekoa, eta klubeko kide bat izango da lehen partida jokatzen: Jon Alberdi aurrelaria. Aretxabaletarekin osatuko du bikotea azpeitiar gazteak, Elordi eta Merino I.aren aurka jokatzeko; Altuna III.a eta Rezusta Bengoetxea VI.a eta Albisuren kontra ariko dira partida nagusian. "Guretzat garrantzitsua da antolaketan zein partiduetan herritarren parte hartzea, eta hasitako ibilbideari heltzen diogu", adierazi du Estitxu Elduaien Kirol batzordeburuak. 22:30ean hasiko da San Inazio eguneko jaialdia. Sarreren erreserba 660 80 66 80 telefonora deituta egin daiteke. Bestela, Izarraizko txarteldegiaren ordutegia honakoa izango da: uztailaren 29an 18:00etatik 20:00etara, eta uztailaren 31n 12:00etatik 14:00etara eta 20:00etatik aurrera. Emakumeak, abuztuaren 1ean Iaz egin zen lehen aldiz saninazioetan emakumeen esku pilota jaialdia eta, "izandako harrera ona ikusirik, emakumeen kirola bultzatzeko", aurten berriro antolatzea erabaki du Udalak. "Iaz frontoia bete egin zen, ikuskizun bikaina izan zen, eta emakumeen kirola eta pilota bultzatzeko apustuarekin aurrera jarraitzen dugu", azaldu du Elduaienek. Eta, joan den urtean bezala, aurten ere eskualdeko hainbat pilotari izango dira emakumeen jaialdian. Abuztuaren 1ean, Frontoi Txikian, 18:30ean hasita, bi partida jokatuko dituzte: Maddi Unanue eta Naroa Agirre, Maialen Ganzarain eta Oihana Orbegozoren kontra; eta Eneritz Arrieta eta Oihana Unanue, Patri Espinar eta Alaitz Badiolaren kontra ariko dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide