Euskal Herriko Herriarteko finalera joateko doako autobusak aterako dira Azpeititik

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 18a

Zaleek doakoa izango dute sarrera ere. 17:30ean abiatuko dira autobusak, eta aurrez izena eman behar da.

Azpeitiko taldeak joan zen astean lortu zuen finalerako txartela, Gasteizi 3-0 gailendu ostean. (Julene Frantzesena) Gasteizen aurkako finalaurrekoa aise irabazi ostean, ostiralean jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriarteko Txapelketaren finala, Usansoloren aurka. Pilota zaleak norgehiagokak ikustera joan daitezen errazteko asmoz, Azpeitiko Udalak eta Ilunpe elkarteak doako autobusak antolatu dituzte Larrabetzuko pilotalekura joateko, eta sarrera ere doan izango dute. 17:30ean abiatuko dira anbulatorioko geltokitik, eta finala amaitutakoan itzuliko dira herrira. Horretarako, aurrez izena eman behar da, ilunpeelkartea@gmail.com helbidean izen-abizenak, harremanetarako telefonoa eta autobus zerbitzua erabiliko duten lagun kopurua zehaztuta; edo, Korrale eta Mugari tabernetan izen-emate orria beteta. Ilunperen hitzetan, Azpeitiak Euskal Herriko txapela eskuratzeko "inoiz baino garrantzitsuagoa"  izangu du zaleen laguntza. Hala, finalera joateko deia luzatu die zale guztiei. Hirugarren urtez jarraian jokatuko du Azpeitiak Euskal Herriko Herriartekoaren finala. 19:00etan hasiko dira partidak, Larrabetzuko pilotalekuan, eta Usansoloko pilotariekin neurtuko dituzte indarrak Ilunpekoek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide