Hilaren 28an taularatuko dute
Hiru Lore Beltz ikuskizuna, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean, eta bi asteren faltan, buru-belarri dabiltza entseguak eta azken prestaketak egiten. Bertsoak, musikak, dantza, poesiak eta antzerkiak bat egingo dute emanaldian, eta guztira, honako hemeretzi sortzaile igoko dira oholtza gainera: Leire Ostolaza bertsotan; Felipe Murillo, Jon Gurrutxaga, Amaia Gorrotxategi, Iñaki Salegi, Maider Azurmendi eta Iraia Bereziartua musikari lanetan; Haritz Arakistain, Ane Arenas, Haizea Egiguren eta Xanti Agirrezabalaga antzerkian; Lierni Varela, Patxi Juaristi eta Mirari Zubizarreta dantzan; Leire Arenas, Miren Gorrotxategi eta Juan Azpillaga poesian; eta Nekane Zinkunegi eta Aritz Arzallus hizlari-zirikatzaile lanetan. Dena den, oholtzara igoko ez diren beste hainbat lagunek ere parte hartu dute lanean, antolatzaleek esan dutenez.
Azpeitiko Elkar-Ekinek, Dinamoa sormen guneak eta beste hainbat herritarrek elkarlanean sortu dute
Hiru Lore Beltz ikuskizuna. Xalbadorren
Mendian galdu direnei bertso sortatik abiatuta, 1973. urtean Ezpeletan hotzez hil ziren hiru afrikarren memoria gogoratu nahi dute emanaldiaren bidez,
gertaeren gaurkotasunaz ohartarazi eta errefuxiatuen egoeran arreta jarri nahian. Antolatzaileen hitzetan, "elkartasun ezaren eta elkartasun nahiaren inguruko ikuskizuna" izango da. 22:00etan hasiko da emanaldia.