Duela bi urteko barraka eguneko irudia. (Uztarria.eus)
Laster hasiko dira barrakak Azpeitira iristen, eta aurten izango da aldaketarik horien kokapenari dagokionez. Betharrametako eraikina eraberritzeko lanak martxan direnez, barraka guztiak ez dira eraikin horren jolastokian kabitzen, eta udalak erabaki du aurten bi gunetan jartzea horiek: Betharrametan eta Perretxikoan. Hain zuzen ere, Betharrametako eraikinaren jolastokian gaztetxoei eta nerabeei zuzendutako barrakak izango dira, eta umeei zuzendutakoak Perretxikoan.
Udalak jakinarazi duenez, ostegun honetan zabalduko dituzte barrakak, eta egunero martxan izango dira San Inazio jaiak bukatu bitartean. Gainera, umeen eguna uztailaren 27an, ostegunez, izango dela aurreratu du Azpeitiko Udaleko Festa Batzordeak. Egun horretan, 16:30etik aurrera, euro batean eskuratu ahal izango dira barraketarako fitxak. Gainerako egunetan, berriz, 1,80 euro ordaindu beharko dira.