https://youtu.be/CKS_EW9usws
Azpeitiko Gaztetxeak urtero ospatzen du urteurren festa. Gaur, 12. urteurrena ospatzea tokatzen zaie eta, ohi dutenez, baltsa jaitsierarekin ekin diote festa egunari. Hamar baltsak parte hartu dute aurtengo hitzorduan: Noe eta haren animaliak, Fidel Castro 'berpiztua', txomingeroak, piratak, Aizpurutxoko hondakin ontziak, partxisa... Denetarik egon da 11:30etik aurrera plazan elkartu diren baltsen artean. Baltsa erakusketaren ondoren eta uretara abiatu aurretik, hamaiketakoa egiteko tartea hartu dute parte-hartzaileek, Azoka plazako zubipean elkartu eta, Enparangoa eta estaziokoa gaindituta, Damasoneko zubian amaitu behar zuten jaitsierari ekin aurretik.
Ur-gerrak, txantxak eta umore ona nagusi izan dira, ikuslez beteta egon den ibilbide osoan. Uretako guardia zibiliak ere ez dira falta izan, ibaian han eta hemen kontrolak jarrita. Goiko bideoan, parte-hartzaileetako batzuk estazioko zubiaren parean ikus daitezke.
Eguneko beste hitzorduak
Hona hemen, Gaztetxearen urteurreneko festa egunak gauera bitartean emango duena:
14:30. Bazkaria
17:00. Kalejira, jolasekin.
20:30. Argazki erraldoia Gaztetxean, Gazteak Kalean eta Altsasukoak Aske mugimenduekin elkartasunean.
21:00. Luntxa.
22:30. Kontzertuak: Akerjenbe Sound Sistema eta Verrater.
Eta, hemen, baltsa jaitsieraren argazki bilduma:
[flickr_set id="72157686293375485"]