Uztailaren 23an, igandea, ospatuko dute aurten Azpeitian Marea Arroxako Ume Eguna, eta egun horretan parte hartu nahi duten haur, gaztetxo zein begiraleei zuzendutako deialdiak iragarri ditu Haujijijai festa batzordeak.
Ume Egunean parte hartzeko, joan den ikasturtean HH4 eta HH5, nahiz LH egin duten haurrek astelehenean eta asteartean eman beharko dute izena, Sanagustinpean, 12:00etatik 13:30era eta 18:00etatik 20:00etara. 4 euro ordaindu beharko da izen ematea.
Bestalde, uztailaren 17an, astelehena, joan den ikasturtean DBH1 eta DBH2 egin duten gaztetxoekin batzar irekia egingo dute antolatzaileek Sanagustinpean bertan, 19:00etan hasita. Han, gaztetxoekin erabakiko eta antolatuko dituzte Ume Eguneko ekintzak.
Bestetik, Ume Egunean begirale aritu nahi dutenekin ere batzarra egingo du Haujijijaik; hilaren 20rako jarri dute hitzordua, hori ere udaletxe azpiko arkupeetan, 18:30ean.