Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra artean eraiki duten zubia. (Nerea Uranga)
Azken txanpan sartu da Azpeitiko Sanjuandegiko eta Etxebeltz-Izarrako hirigintza proiektua. Izan ere, ibaiaren bi aldeak lotzen dituen zubia amaitu dute dagoeneko –
aste honetan hasi dira autoak bertatik igarotzen–, baita Urola ibaiaren uholde arriskuak saihesteko lanak ere. Eremu horretako urbanizazio proiektua amaitzeko falta den eremu bakarra, Loiolabide ondoko aparkalekua, datozen asteetan amaitzea aurreikusten du udalak.
Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak azaldu duenez, 2006. urtean erabaki zuen udalak auzo berria, gaur egun Etxebeltz-Izarra dena, eraikitzea. Orduan, gaiak "polemika handia" eragin zuela azaldu du, besteak beste, krisi ekonomikoa tartean zelako. "Hala ere, udalak etxe horiek eraikitzeko apustua egin zuen, eta 300.000 euro inguru jarri zituen. Baina egin behar ziren obrak atzeratzen joan ziren pixkanaka, arazo juridiko pila bat tarteko. Etxebizitzak egitea ere zalantzan jarri zen", azaldu du Etxeberriak. Hori dela eta, 2010ean erabaki zuten urbanizazio lanak berehala egin beharrean, fase ezberdinetan egitea. Gaur egun, auzo berri horretako etxebizitza gehienak salduta daude, eta horrekin batera, bukatzear dute hirigintza proiektua. "Horrek esan nahi du, Loiolako bide zaharra oinezkoentzat egokitu dela, Loiolabide ondoko aparkalekuaren eremuko zuloen arazoa konpontzear dela eta bi auzoak –Sanjuandegi eta Etxebeltz-Izarra– lotzen dituen zubia eginda dagoela", adierazi du alkateak. Era berean, nabarmendu du zubiaren diseinua ez dela orain egindakoa, "bere garaian diseinatutakoa" baizik. Salbe auzo pareko obrek izan duten egituraren harira, azaldu du uholde arriskuak saihesteko egin dituztela era horretan, Uraren Euskal Agentziak exijituta. Orain, Urola ibaiaren eta Salbeko etxebizitzen artean dagoen oinezkoentzako bidea metro batzuk altuago dago, uholdeak saihestea xede.
Egindako lanei esker, auzoa "indarra hartzen" ari dela uste du Etxeberriak, eta udalak horretan jarraitzeko asmoa duela esan du. Hirigintza lan guztiek hiru milioi euroko gastua izan dute, eta auzoari "kutsu berri bat" eman diotela gaineratu du. Udalaren arabera, 40 urte dira azkenekoz Salbe inguruan hirigintza lanen bat egin zela. Auzo horretarako dituzten beste asmo batzuk ere jakinarazi ditu: "Igerilekuaren eraikin zaharra berritzeko asmoa dugu, baita eraikina energia berriztagarriekin egokitzeko ere. Urbikolan enpresak egingo ditu lanak. Horren inguruko informazioa aurrerago emango dugu eta igerilekuko erabiltzaileei ere igorriko diegu informazioa".
Autobus geltokien afera
Etxebeltz-Izarra eta Sanjuandegi lotzen dituen zubi berria dela eta, eztabaidagai izan dira inguru horretatik igarotzen diren autobusen ibilbideak eta geltokiak. Iritzi kontrajarriak agertu dituzte Sanjuandegiko bizilagunek eta Etxebeltz-Izarrakoek. Udalak, bere aldetik, alternatiba ezberdinak aztertu ditu, eta horien berri emateko eta herritarren iritziak jasotzeko bilkura zabala egin zuen ekainaren 7an.
Eneko Etxeberria alkateak azaldu duenez, "autobus ugari" igarotzen da Sanjuandegitik, eta horiek "nonbaitetik" igaro behar dute. Horren harira, alkatearen arabera, bi aukera posible daude: lehen bezala Sanjuandegitik igarotzea edo Loiolako hiribidetik igarotzea. Era berean, nabarmendu du, ibilbide bat ala bestea egiteko arazo teknikorik ez dagoela. "Uneotan udalak hartu duen erabakia da lehengo geltokiei eustea eta aldaketarik ez egitea. Hala ere, udala prest dago herritarrek hala nahi balute, galdeketa prozesu bat martxan jartzeko", azaldu du Etxeberriak. Datozen egunetan hasiko dira autobusak eraiki duten zubi berritik igarotzen, eta data hurbildu ahala, xehetasunak azalduko dituztela aurreratu dute udal ordezkariek.