Azpeititik Eibarrera, mutilen futboletik nesken futbolera

Urola Kostako Hitza 2017ko uztailaren 14a

Xuban Peña eta Josu Larrañaga Eibarko nesken lehenengo futbol taldean arituko dira datorren denboraldian, entrenatzaile eta prestatzaile fisiko lanetan, hurrenez hurren; Espainiako Bigarren Mailan jokatzen du Eibarrek. Unai Urbizu, berriz, klub bereko kadete mailako nesken taldearen gidari izango da.

  Unai Urbizu, Xuban Peña eta Josu Larrañaga, Eibarreko nesken elastiko berriarekin. (Elena Marguello) Peña eta Larrañaga Lagun Onak futbol taldean aritu dira hainbat urtez; Urbizu, berriz, Ikasberri futbol taldean. Nola jaso zenuten Eibarren deia? Xuban Peña: Ion Zabaleta koordinatzailearen deia jaso nuen eta sorpresa handia hartu nuen, ez nekielako bera Eibarrera zihoanik. Jada Lagun Onakekin hitz egiten hasia nintzen eta, alde horretatik, ezustekoa izan zen, zer pentsatua eman zidan. Josu Larrañaga: Xubanek deitu zidan Eibarrera zihoala azaltzen, eta ea berarekin joango nintzen galdetu zidan. Lagun Onakekin hitz egiten hasia nintzen jada, baina Eibarreko notizia jaso eta ez nion buelta gehiegirik eman. Unai Urbizu: Ni ere ezustean harrapatu ninduen deiak. "Erantzungo dizuet", esan nien, baina esaten ari zitzaizkidanari kasu handirik ez nion egin, harrituta nengoen. Zalantzarik izan al duzue talde berri batera joateagatik? U.U.: Hasieran, deitu zidaten momentuan, seguru nengoen ez nintzela joango. Baina gero buruari buelta batzuk eman nizkion eta aukera ona zela pentsatu nuen. X.P.: Nik aldaketa bat nahi nuen eman karrera profesionalean. Lau urte eman ditut jubenilak entrenatzen eta talde hori alde batera lagatzeko momentua zela sentitzen nuen. Lagun Onakek beste aukera bat eskaini zidan, eta horrekin ari ginen lanean, nahiz eta lotu gabe egon. Eibarretik deitu zidatenean pentsatu egin behar nuela esan nien, baina barruak aukera hori ez galtzeko esaten zidan. J.L.: Eibarretik deitzen dizutenean seguru esaten duzu joango zarela, aukera handia delako. Baina baietza eman arteko prozesua luzea izan denez, zalantzak izan nituen. Hala ere, Eibarretik deia jaso orduko hara joateko gogoa izan nuen. Nesken taldeetara zoazte mutilen taldeak lagata. Zer suposatzen du horrek? X.P.: Aldaketa. Nahiz eta nesken futbola bilakaera bat izaten ari den, mutilen futbola eta neskena oso desberdinak dira. Guk aldaketa horretara moldatu beharko dugu, gogotsu gaude, gainera. Egon al zarete jokalariekin?  X.P.: Hainbat bilera izan ditugu Eibarreko koordinatzaileekin, eta jokalariekin banaka hitz egiteko aukera ere izan dugu. Informazioa pasatu eta lana nola egiten zuten azaldu ziguten. Guk ere gure lan estiloa azaldu genien, eta sentsazio onarekin gelditu gara. Zer espero duzue denboraldi berriari begira? J.L.: Talde nagusiaren helburua, berez, mailaz igotzea da, baina oso zaila izango da. Ligaxka bakoitzetik talde batek bakarrik jokatzen ditu play offak, eta espainiar estatu osotik bi talde bakarrik igotzen dira mailaz. Denboraldia nola hasten den ikusi beharko dugu, eta gero gerokoak. U.U.: Hiru talde gara, eta gure helburua Xubanen eta Josuren taldeak egiten duen lanaren prozesuan sartzea da. Ahalik eta partida gehien irabaztea eta neskak gustora aritzea da garrantzitsua. Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Uztarria.eusen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide